Indarkeria matxista

"Zergatik jasan behar ditugu horrelakoak XXI. mendean?"

Azkoitiko fisioterapeuta batek salatu du bezero batek eraso egin ziola lanean ari zela.

Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataformak sexu eraso bat salatzeko elkaretaratze bat. /
Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataformak sexu eraso bat salatzeko elkaretaratze bat. / Idoia Zabaleta/Foku

Berria -

2018ko irailak 26

Sara Waliñok Ertzaintzara jo zuenean esateko gizon batek ukituak egin zizkiola, han jaso zuen erantzuna izan zen salaketa jartzea "alferrekoa" izango zela. Hori ikusita, Facebookeko bere kontua baliatu du gertatutakoa salatzeko.

Waliñok berak azaldu duenez, gizonezko bat joan zitzaion lan egiten duen fisioterapia zentrora ordu erdiko masaje bat eskatuz, eta zehaztuz berak ematea nahi zuela. Joan den ostiralerako jarria zuten ordua. Gizona gelara sartu zenetik beretik hasi zen jazarpena. "Bulegora sartu bezala, niregana gerturatzen hasi zen, baina ni urrundu egin nintzen, gauzak prestatzeko aitzakian".

Gerritik gora biluzteko eskatu zionean, ordea, gizonak arropa guztiak kendu zituen, eta buruz gora etzan zen. "Gerritik behera estali nuen maindirearekin, baina hura ere etengabe kentzen saiatzen zen gizona", dio Waliñok. Egoera ikusita, blokeatuta geratu zen. "Kasurik egiten ez niola ikusita, eskuari eusten ahalegindu zen, esanez sabeletik behera zuela mina". Hala ere ezer ez zuela lortzen ikusita, izterrean ukituak egiten ahalegindu zen, eta Waliñok ihes egiten jarraitu zuen.

Orduan, gizonak esan zion Bartzelonan antzeko gune batean egona zela, eta han bestelako ukituak egin zizkiotela. Waliñok erantzun zion esanez hura ez zela halako gune bat, baina gizonak jarraitzen zuen maindirea kentzeko ahaleginetan. Azkenean, alde egiteko esan zion fisioterapeutak. "Joan zenean, negarrez hasi nintzen. Nire bizitzako ordu erdirik luzeena izan da. Txikia, ahula eta zikina sentiarazi ninduen".

Waliñok ohartarazten du halakoetan, eraso egin diotenak ez duela ezer egin entzutean, maiz pentsatzen dela norberak bestela jokatuko lukeela, "baina halako egoera batean zer egin ez dakizula gera zaitezke". "Zergatik jasan behar ditugu horrelakoak XXI. mendean? Zergatik bizi behar dugu horrelako zerbait noiz gertatuko beldurrez? Zergatik ezin dugu gure lana lasai egin, kalera irten edo etxera bakarrik itzuli?".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna