OSASUNA

Jaitsi egin da alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa azken bost urteetan

Eusko Jaurlaritzako ordezkariek azaldu dute gora egin duela psikofarmakoen, kalamuaren eta legez kanpoko beste substantzia batzuen kontsumoak, bai eta jokoaren eta Interneten erabilerak ere.

Gazteak, alkohola kontsumitzen, kontzertu batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2018ko irailaren 26a
15:55
Entzun

Gaur goizean aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzan Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017 txostenaren emaitzak. Bost urtean behin egiten dute inkesta hori —aurretik bi urtean behin egiten zen—, 15 eta 74 urte bitarteko biztanleen artean eta genero ikuspegia kontuan hartuta. «Euskadin adikzioei aurre egiteko neurriak eta ekintzak diseinatzeko funtsezko tresna da», esan du Jon Darpon Osasun sailburuak.

Azken urteetako emaitzei jarraikiz, alkohola eta tabakoa dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean gehien kontsumitzen diren substantziak. Psikofarmakoak, kalamua, eta legez kanpoko beste substantzia batzuk gero. Oro har, gizonezkoek emakumezkoek baino substantzia gehiago kontsumitzen dute; hala ondorioztatu dute ikerketan.

Darponek esan du alkohola eta tabakoa badira ere gehien kontsumitzen diren substantziak azken bost urteetan jaitsi egin dela horien kontsumoa. Alkoholari dagokionez, lanegunetan abstemioak direnen kopuruak ez ezik, gehiegizko kontsumoa dutenen kopuruak ere behera egin du. Gainera, Osasun sailburuak nabarmendu du lehen aldiz jaitsi dela 15 eta 34 adin tartean astero kalean edaten dutenen kopurua.

Tabakoaren kontsumoa, berriz, lau puntu jaitsi da 2012tik. Erretzaileen kopuruaz gain, jaitsi egin da erretzaile horiek egunero erretzen duten zigarro kopurua. Gizonezkoetan, 45 eta 74 urte bitartean kontsumitzen da tabako gehien; emakumezkoetan, berriz, 15 eta 44 urte bitartean. Zigarro elektronikoaren kontsumoa ere kontuan izan dute, lehendabizikoz.

«Kalamua da, oraindik ere, EAEn gehien kontsumitzen den legez kanpoko substantzia»; eta, gainera, kontsumoak gora egin du azken hamabi hilabeteetan. Gazteak 18 eta 19 urte bitartean hasten dira kontsumitzen; gehienak gizonak dira. Kalamuaren ondotik, kokaina da gehien kontsumitzen den legez kanpoko substantzia. Psikofarmakoen kontsumoak ere gora egin du. Gainontzeko datuekin alderatuta, emakumeak dira psikofarmako gehien kontsumitzen dutenak, adin tarte guztietan.

Jokoa eta Internet, gora

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen artean, igo egin da jokoaren kontsumoa. Loteria eta apustuak dira gehien kontsumitzen direnak: 2012. urtetik, hiru puntu igo dira. Gainera, kirol jokoak ere geroz eta presentzia handiagoa du. Darponek esan duenez, «2017an, gizonen adikzioa emakumeena halako hiru izan da; eta, adinari dagokionez, gazteak eta adin ertainekoak dira nagusi».

Interneten kontsumoa ere igo egin da. Arrisku egoera erakusten dutenen kopurua, ordea, nahiko txikia dela jakinarazi du sailburuak; zehazki, %5. Emakumeen artean, Interneten erabilera problematikoa pixka bat handiagoa da. Gorakada dela eta, tabakoak eta alkoholak lehentasuna izan arren, jokoan eta Interneten zentratu beharra dagoela esan du Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.