Politika

'Prest' lelopean, Alderdi Eguna ospatuko du EAJk igandean

Forondan (Gasteiz) egingo dute jaia, eta gogoan izango dituzte giltzapean zein erbestean dauden Kataluniako politikariak.

Mireia Zarate, artxiboko irudi batean. EAJ
2018ko irailaren 26a
07:33
Entzun

42. Alderdi Eguna ospatuko dute EAJko kideek igandean, eta, urtero bezala, Andoni Ortuzar EBBko buruaren eta IƱigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren hitzaldiak izango dira. Aurten, David Bonvehi PDeCateko lehendakaria izango dute gonbidatu nagusia. Izan ere, gaurko agerraldian esan dutenez, bereziki gogoan izango dituzte Kataluniako politikari batzuk, "preso edo atzerrian daudenak aurten ezingo direlako etorri". Galiziako, Balearretako, Valentziako, Kanarietako, Flandesko, Txileko, Georgiako eta Venezuelako gonbidatuak ere izango dira.

Mireia Zarate EBBko idazkariak egin du aurkezpena, gaur, Sabin Etxean. Azaldu du Prest goiburua jarri diotela aurtengo egunari. EAJk Jaurlaritzan, diputazioetan eta udaletan egindako kudeaketa ekonomikoa eta soziala goraipatu ditu, eta azpimarratu du prest daudela "herritarren konfiantza berresteko". Horixe egin nahi dute datorren maiatzean egingo diren udal eta lurralde hauteskundeetan. Hori bakarrik ez; esan du prest daudela datozen hilabeteetan "euskal nazioaren existentziaren baieztapenean urrats handiak" egiteko ere, "gure estatutuen 1. artikuluak dioen bezala".

Mezarekin hasi, eta disko festarekin amaitu

10:00etan hasiko dira ekitaldiak Forondan, mezarekin. 11:15ean hasiko dira agintariak iristen, eta 12:00etan egingo dute ekitaldi nagusia. 13:15ean herri kirolak izango dira, eta erromeria ere bai. 16:00etan hasiko da disko festa, eta umeentzako txoko berezia ere jarriko dute.

Egun osoko festarako, 29 txosna jarriko dituzte, eta 140 jangela. 20.000 bazkari ematea aurreikusten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.