Nafarroako inbertsio plan berezia

Ogasun Ministerioak inbertsioak onartuko ditu, "baina agian osorik ez"

MIkel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilariak azaldu du atzo eman ziela Estatu idazkariak lehen erantzuna.

Mikel Aranburu Parlamentuko osoko bilkuran, iragan apirilean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2018ko irailaren 27a
12:25
Entzun

Azkenean badute erantzuna. Gaur, Nafarroako Parlamentuan, gobernuaren kontrol saioan, Mikel Aranburuk zehaztu du Espainiako Ogasun Ministerioko estatu idazkariak prestasuna azaldu duela 113 milioi euroren inbertsio iraunkorrak baimentzeko. "Estatu idazkariak esan zigun eskaera formala egin behar genuela, eta atzo arratsaldean bertan egin genuen", esan du Aranburuk.

Aurreko astean, Nafarroako Gobernua babesten duten lau taldeek aurkeztu zuten, hain zuzen, 215 milioi euroko iazko superabitetik 113 milioi euro inbertsio publikoan erabiltzeko lege proposamena. Hala ere, egitasmoak Ogasun Ministerioaren baimena behar du iragan urtean, ustez, gastu-araua atal batean ez zuelako bete Nafarroak —hala baieztatu zuen atzo Maria Solana gobernuko eledunak—. Dena den, Aranbururen arabera, bi gobernuek oraindik ez dute zehaztu foru erkidegoak ez zuela bete gastu araua, hori koordinazio batzordean egin behar baita eta oraindik ez baita bildu. "Ministerioak ez ditu koordinazio batzordeko ordezkariak izendatu ere egin, eta, are gutxiago, batzorde horretara deitu".

Hala ere, Nafarroako Gobernuak lehenbailehen nahi du baimen hori izatea. Nahiz eta formalki lehenik batzorde koordinatzaile hori bildu beharko litzatekeen, tramiteak aurreratu nahi izan dituzte. Ministerioari eskaera formala egin diote: "Horrekin epeak aurreratzen baditugu ongi etorria izan dadila", onartu du kontseilariak. "Gero batzorde koordinatzaileak oniritzia emango dio akordio horri", gaineratu du.

Aranburu ez da ausartu oniritzia lortzeko eperik ematera, baina espero du urriaren 4a baino lehen lortzea. Izan ere, astebete barru, osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da laukoaren lege proposamena.

17 milioi euro

Bi gobernuen arteko koordinazio batzordeak zehaztu behar du ea iaz gastu araua bete zen; Aranbururen kalkuluen arabera, ez zen bete. "Hasieratik ohartarazi izan dugu, baina gure kalkuluen arabera, gutxigatik ez genuen bete". Zehazki, 17 milioi euroko kopurua aipatu du. Haren esanetan, kopuru horretan badu zerikusia ekarpen ekonomikoaren inguruko iazko akordioak ere: "Erregaien indizearen osagai batzuk aldatu ziren akordio horretan, eta gastu arauaren kalkuluan eragina dute. Guk diogu indize hori aintzat hartu behar dela, eta Estatuak, ez. Desadostasun metodologiko bat dugu".

Aranburu ere ausartu da interpretatzera zergatik Ogasun Ministerioak ez duen eman erantzun zehatzik. "Urrian gaude ia, eta zaila da hiru hilabete eskasean inbertsio horiek egitea. Susmatzen dut, oso lanpetuta egoteaz gain, Estatuko Gobernuak erantzunik ez emateak atzeratzeko borondate bati erantzun diezaiokeela, ez gure erkidegoak ez beste erkidego batek ere ez dezaten bete inbertsio iraunkorren xedapen hori", ondorioztatu du.

Izan ere, legez, Estatuko Aurrekontu Orokorren xedapen gehigarri batek ahalbidetu ditzake 113 milioi euroren inbertsioak. Aranbururen ustez, Nafarroak betetzen du xedapen hori, baina "Ministerioak uler dezake ez duela betetzen". "Inbertsio iraunkor kontzeptua zehaztugabea da", dio Aranburuk, eta, horregatik, hainbat interpretazio onar ditzake. "Zerbait berria da denontzat, eta, horregatik, hala Ministerioa nola gu, inprobisatzen ari gara nola konpon dezakegun".

Hiru hilabete baino ez direnez geratzen, Aranburuk azaldu du 113 milioi euro horiek berez ez liratekeela aurten erabiliko. Altxortegian diru soberakin gisa kontabilizatuko da, datorren urtean erabili ahal izateko. "Datorren urterako aurrekontuak egin beharko dira araudiaren arabera. Jada lanean ari gara aurrekontu horrekin, eta, hor, inbertsio horiek sartuko ahalko ditugu, baldin eta beste lehentasunik ez badago. Aurrekontuaren lege proiektuaren araberakoa izango da, gobernuak prestatzen duenaren eta Parlamentuak onartzen duenaren araberakoa".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.