INTSUMISIOA

'Intsumisioaren parkea' izena hartuko du Iruñeko kartzela zaharreko orubeak

Iruñeko Udalak oroitarri bat jarriko du eremu horretan, eta aintzatespen ekitaldi ofiziala eginen dute urriaren 6an.

Intsumisioaren aldeko protesta Iruñeko kartzela zaharrean, 1995eko sanferminetan.
Intsumisioaren aldeko protesta Iruñeko kartzela zaharrean, 1995eko sanferminetan. ZORTZIKOA

Ion Orzaiz -

2018ko irailak 28

Iruñeko Udalak hainbat neurri hartuko ditu datozen egunetan, Nafarroako intsumisio mugimendua omentzeko. Batetik, kartzela zaharraren orubeari “Intsumisio parkea” izena jarriko diote; eta bestetik, mugimendu horren omenezko ekitaldi instituzionala eginen dute urriaren 6an.

Iruñeko alkate Joseba Asironek gaur goizean aurkeztu du egitasmoa, eta azaldu du, ekintza horiez gain, intsumisio mugimenduaren aldeko "adierazpen instituzional bateratua" ere sustatuko dutela. Adierazpena heldu den urriaren 4ko osoko bilkuran aurkeztuko dute.

Neurri horiek guztiak onartzeko, gehiengo nahikoa izanen du Iruñeko Udalak, horren aldeko hitzarmena izenpetu baitute EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra taldeek. Gaur elkarrekin egin dute agerraldia Joxe Abaurreak (EH Bildu), Itziar Gomezek (Geroa Bai), Manuel Millerak (Aranzadi) eta Edurne Eguinok (Ezkerra).

Alkateak gogorarazi du “2001eko abenduan deuseztatu zela nahitaezko zerbitzu militarra”, eta hori “indarkeriarik gabeko desobedientzia zibilaren lorpena” izan zela. “Nafarroan, intsumisioak bizitza politiko eta soziala asaldatu zuen, eta 1990eko hamarkadako protesta bakezale garrantzitsuena bihurtu zen. Jakina, errepresioa berehala etorri zen. Nafarroako milaka gaztek kartzela zigorrak jasan zituzten, desmilitarizatutako gizarte baten aldeko konpromisoagatik eta soldadutzaren aurkako desobedientzia mugimenduan aritzeagatik”.

Udalak gogora ekarri nahi ditu “gazte haiek, inoiz aintzatetsi ez zaien borroka, eta intsumisio mugimenduak Iruñeari egindako ekarpen historikoa”. Kartzela zaharreko orubea aukeratzerako aintzat hartu da han espetxeratuta egon zirela Nafarroako intsumiso gehienak eta “errepresio frankistaren biktimak, zeinek kartzela horretan jasan baitzituzten errepresioa, umiliazioa, tortura, exekuzioak, askatze faltsuak eta hamaika eskubide urraketa”.

Memoria historikoaren aitorpenaren ildo berean, Udala, AFFNA36 elkartearen eskaera aintzat hartuta, zenbait izapide egiten ari da kartzela zaharreko atea jatorrizko harriez berreraikitzeko.

Oroitarri bat Intsumisio parkean

Urriaren 6an egitekoa den omenaldi publikoan Pello Iraizoz artistak egindako monolito bat paratuko da. Monolito horren helburua izango da, alkatearen hitzetan, “etorkizuneko belaunaldiei gogoraraztea mugimendu horren eredugarritasuna eta Nafarroako gazteen lidergoa soldadutzari buru eman zion protestan”.
Ekitaldia 12:00etan hasiko da, eta intsumisio mugimenduaren protagonista eta sustatzaile izandakoak gonbidatuko dituzte parte hartzera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna