Politika

Milaka lagun Gernikan, Kataluniari elkartasuna azaldu eta munduari mezua zabaltzeko

Pablo Picassoren Gernika margolanaren erreprodukzio erraldoi bat egin dute Astra guneko aparkalekuan (Gernika-Lumo, Bizkaia), eta horren bidez mezu argi bat igorri nahi diote mundu osoari.

Ekitaldian bildu den jendea, hitzaldiak entzuten.
Ekitaldian bildu den jendea, hitzaldiak entzuten. Gotzon Aranburu/Foku

Gotzon Hermosilla -

2018ko irailak 29

100x50 metroko Gernika hankapean hartuta egin dute ekitaldia. Amaieran, turruna jo du, eta orduan utzi dute agerian, gainean zueden guztiak handik alde eginda. Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko (GED) kideak esan bezala, sateliteetatik ikusteko moduko neurria du, eta munduari mezua zabaltzeko baliatu nahi dute. Mezu argia: "XXI. mendean, erronka, asmo eta helburu politikoak modu politiko eta demokratikoan bideratu behar dira".

Katalunian errepublikarako erreferenduma egin zutenetik urtea betetzen da astelehenean. Erreferendum hura gogoratzeko, Kataluniako herritarrek egindako ariketa txalotzeko eta Espainiako Estatuak erabili zuen errepresioa salatzeko asmoz egin dute ekitaldia gaur. Eta bereziki gogoan izan dituzte kataluniako preso politikoak eta erbesteratuak. Haiekiko elkartasuna adierazteko kolorea da, hain justu, horia, eta hori da pintatu duten Gernika-n ageri den kolore bakarra: argiari jarri dioten kolore horia.

Bideoa: pintaketa prozesua (Gure esku dago)

Urriaren 1ean demokrazia "nagusitu" zen GEDk gaur nabarmendu duenez: "Eta argi bilakatu zen. Orduan piztutako argia ez da itzali. Piztuta jarraitzen du. Horregatik margotu dugu horiz Picassoren Gernika koadroan lanpara handia, herrien demokrazia nahiaren sinbolo gisa. Itxaropenez".

Mugarritzat du GEDk iazko urriaren 1a, "mugarri historikoa da demokrata guztiontzat". Horregatik, eskerrak eman dizkiete hura posible egin zuten guztiei, eta bereziki elkartasuna azaldu errepresaliatuei. "Libre nahi zaituztegu. Konpromiso osoa dugu elkartasuna ehuntzen segitzeko aske izan arte. Behin ere ez zarete bakarrik egongo. Zuekin gaude. Besarkada erraldoi bat"

Elkartasun adierazpenak buelta ere izan du, eta Carles Puigdemontek Belgikatik igorritako mezuan nabarmendu du, argi hori hori ikusten dela handik, eta baita gainerako erbesteratuak dauden lekuetatik eta espetxetik ere.

Ekitaldian bertan ere izan dira Kataluniako ordezkariak: Generalitatetik Pau Villoria izan da, ANCtik Roger Heredia eta JxCat-etik Aurora Madaula eta Anna Geli. Haien alboan izan dira Euskal Herriko ordekari politiko eta sindikal batzuk ere: EAJtik Luke Uribetxebarria eta Jon Aiarza joan dira, EH Bildutik Maddalen Iriarte, Jasone Agirre eta Iker Casanova, eta LABetik Garbiñe Aranburu. Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea ere ekitaldian izan da, bestek beste.

Ekitaldia bertatik bertara kontatzen aritu da Gotzon Hermosilla kazetaria.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna