Alderdi Eguna

EAJk eskumenak eskatzeko baliatu du Alderdi Eguna: "Pazientzia amaitzen ari da"

Urkulluk esan du Gernikako Estatutua osorik betetzea zor diola Espainiako Gobernuak "Euskadiri", eta Ortuzarrek berretsi du eskaera, Sanchezi mintzatuz: "Pazientzia amaitzen ari da; eskumenak nahi ditugu, berehala".

2018ko irailaren 30a
11:08
Entzun

Forondan (Gasteiz), ikurrinez blai, indar erakustaldia egin du EAJk, beste behin. Urtero bezala, Alderdi Eguna ospatu dute jeltzaleek han, eta milaka lagun elkartu dira egun osoko festan. IƱigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren eta Andoni Ortuzarrek EBBko buruaren hitzaldiak izan dira ekitaldi nagusian.

Autogobernu handiagoa behar dela esan dute biek, orain arteko bideari eutsiz. Autogobernu Lantaldea bidea egiten ari dela goretsi arren, legebiltzarrean egin zuen bezala, Urkulluk azpimarratu du orain Gernikako Estatutua osorik betetzea dela lehentasuna. Bide berean hitz egin du Ortuzarrek ere. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari mintzatu zaio, eta eskatu dio hitzak alde batera utzi eta ekiteko, eta emateko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak.

Ez du lotura zuzenik egin eskumenekin, baina, alderdikideei ohartarazi die litekeena dela urte politiko honetan Espainiako bozak ere egitea, eta, beraz, prest egoteko eskatu die: "Guk ez diegu beldurrik hauteskundeei".

Hortik aurrera, EH Bildurekin estatutu berrirako adostutako oinarrien inguruan beste alderdiekin ere akordioa behar dela ohartarazi du Ortuzarrek. Legebiltzarrak adosten duena gero Espainiako Gobernuarekin ere itundu beharko dela nabarmendu du, eta, horregatik, akordioak orain den baino zabalagoa izan behar duela uste du.

Etorkizunera begira, "subiranotasun elkarbanatuak" izango dituen "mugarik gabeko Europa" baten alde egin du Urkulluk. Horretarako nazioartearen aitortza behar dela dio, eta aitortza hori egiteko "ekarpenak" egitea da modurik onena, haren ustez. Nazioartean ahots propioa izateko, "Euskadi- Basque Country" ezagutarazi behar da, haren hitzetan.

Horretarako guztirako, erreminta bat dauka Urkulluk: "Ekintzak eraikitzeko ahalegin etengabea". Hala egiten da nazioa, haren ustez, ekintzaz ekintza, "ilargira begira" egon gabe, "hankak lurrean eta begirada munduan". Horregatik, Jaurlaritzak egindako lana goretsi du: "Gure autogobernua indartsuagoa da gaur; hazten ari gara, eta enplegua sortzen; gizarte politikak bermatuta daude...".

Ekitaldian gogoan izan dituzte preso eta erbestean dauden politikari katalanak. Haientzako askatasuna eskatu dute, eta hango gatazka konpontzeko elkarrizketarako deia egin du, beste behin, Urkulluk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.