Herri kirolak

Xabier Zalduak jantzi du txapela euskal pentatloian

Zumarragakoa hasi eta bukatu nagusitu zen atzo gauean Azpeitiko zezen plazan jokatutako txapelketan. Xabier Orbegozo Arria V.ak ez zuen lehian parte hartu, min hartuta.

Pentatloian lehiatu ziren lagunak, atzo, proba amaitutakoan. UZTARRIA
2018ko irailaren 30a
17:48
Entzun

Bi txandatan banatuta aritu ziren kirolariak. Xabier Zaldua, Luis Txapartegi eta Aritz Azpiazu Arria VI.a azpeitiarra aritu ziren nor baino nor aurrenekoan, eta Mugertza eta Jon Gisasola Zelai V.a bigarrenean. 100 kiloko bolari 25 altxaldi eman behar izan zizkioten lehiakideek lehen proban, giza proban bi plaza osatu ondoren, aizkoran kanaerdiko hiruna enbor moztu gero, 50na kiloko txingekin sei plaza bete, eta bukatzeko, 3 kilometroko korrika saioa.

Txapela lehen txandan erabaki zen. Zaldua azkarrena izan zen harriari 25 altxaldiak ematen, eta hortik amaieraraino ez zuen lehiaren burua galdu. 36 minutu eta 26 segundo behar izan zituen Zumarragakoak pentatloiaren lan guztiak bukatzeko. Lau minutu pasako aldea atera zion bigarren sailkatu zen Txapartegi aizarnarrari (40:33); Txapartegik ez zuen hasiera ona izan, harri jasotzean hiruzpalau altxaldi txartzat eman baizizkioten epaileek, baina maila onean aritu zen gainerako probetan, hasieratik eta tarteka eskuin iztarraren atzekaldeari kolpeka ibili arren, minen bat-edo nabarituta. Bi lehiakide beteranoenen ondoren, pentatloirako izena azkena emandako Mugertza III.arentzat izan zen hirugarren postua (49:47); Mutrikukoarentzat izan zen, ordea, 80 kilotik azpiko lehiakideentzat banatu zuten saria.

Laugarren eta bosgarren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Zelai V.a (54:32) eta Arria VI.a (55:57), bi lehiakide gazteenak. Asko sufritu zuela aitortu zuen bukaeran Azpiazuk, "etxean baino okerrago egin dut". Baina, gorputzari buelta emanda, pozik zegoen azpeitiar gaztea txapelketa bukatu ondoren.

Zezen plazako ikusleen artean lehengo eta egungoo herri kirolari ezagun asko elkartu ziren; tartean, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan jokatu ziren pentatloietan txapelak jantzitako Jose Inazio Orbegozo Arria II.a, Anjel Arrospide eta Joxe Mari Olasagasti. Hirurek parte hartu zuten sari banaketan.

Artikulua osoa Uztarria.eus-en.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.