Katalunia

Puigdemont: "Ez ditugu ahaztuko Espainiaren indarkeria eta errepresioa"

2018ko urriaren 1a
13:40
Entzun

Mezu instituzionala zabaldu du Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak erbestetik. Waterlootik (Belgika) mintzatu zaie herritarrei Generalitateko buruzagi kargugabetua. Alde batean Kataluniako eta Europako banderak dituela eta bestean duela urtebete erabilitakoaren gisako hautetsontzi bat dituela ageri da bideoan buruzagi independentista. Atzean, berriz, beste irudi esanguratsu bat: herritar bat poliziaz inguratuta, 2017ko urriaren 1eko indarkeria gogoan. Eskerrak eman dizkie herritarrei duela urtebeteko erreferenduma ahalbidetzeagatik.

Duela urtebete gertatutakoa dakar gogora Puigdemontek bideoan, eta orduan Kataluniako herritarrek izan zuten jokabidea txalotu zuen: "Harrizko zibismoa izan zen hura, erosi ezin den horietakoa, haserreak eta ezinak itsututako estatu espainiarrak bultzatutako indarkeriari aurre egin ziona. Urteak eta gobernuak igaroko dira, eta erregeak iraungiko, baina kataluniarren gogoak ez du ahaztuko egun hartako duintasuna eta haserrea".

Galdeketa ahalbidetu zutenei eskerrak emateko baliatu du mezua Puigdemontek, eta gogorarazi du indarkeriarik erabili ez zelako irabazi zutela borroka hura. "Irabazten jarraitu nahi badugu, jarrera horri eutsi behar diogu, eta ez diegu erantzun behar etsaien probokazioei". Ohartarazi du, hala ere, ez dutela ahaztuko egun hartako errepresioa eta indarkeria, ez eta sentitutako amorrua ere. "Egun hartan, estatuak argi utzi zuen hondoratzen ari zela. Monarkiak hiru egun geroago argi utzi zuen moduan ez zela gai Europako errege etxeei dagokien rola jokatzeko".

"Egun hark dena aldatu zuen. Bagenekin ez zela bozketa hutsa, aro berri baten hasiera baizik", dio, baina, aldi berean, ohartarazi du errepresioa "bertan geratzeko" heldu dela. Ordea, nabarmendu du hasitako bidea "askatasun kolektiboan" soilik amai daitekeela: "Urriaren 1eko garaipenak bizirik jarrai dezala gure buru eta bihotzetan".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.