konponbideari begira

Biktimak ardatz hartuta egingo dute V. Foro Soziala, asteburuan

Ortziralean hasiko da, Iruñean, eta larunbatean bukatuko, Bilbon. Euskal Herriko eta kanpoko adituak izango dira egingo dituzten lau hitzaldietan.

Foro Sozial iraunkorreko kideak, Iruñean egin duten aurkezpen ekitaldian. FORO SOZIALA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko urriaren 3a
07:10
Entzun

V. Foro Soziala eginen dute ortziralean eta larunbatean, Iruñean eta Bilbon. Egia jakiteko eskubidea eta biktima ororen aitortza eta erreparaziorako mekanismoak hartuko dituzte ardatz. Horretarako, Euskal Herriko eta kanpoko adituak izanen dira bi egun hauetan egingo dituzten eztabaidaguneetan.

"Hausnarketarako espazio bat" sortu nahi dute Foro Sozial iraunkorreko kideek asteburuan egingo dituzten hitzaldien bidez. Gainera, bake prozesuak memoria eta bizikidetzaren eraikuntzari lotuta planteatzen diren erronka berriei erantzun nahi diote Foro Sozialetik. 

Urriaren 5ean, Iruñeko Planetarioan hasiko da eztabaidagunea. Egia: erreparaziorako, justiziarako eta ez errepikapenerako mekanismoa izeneko hitzaldia eginen du Brandom Hamber Belfasteko Ulster Unibertsitateko irakasleak.

Ondotik, 18:00etan, Egia eta erreparaziorako mekanismoak izeneko mahai ingurua izanen da. Han, Paco Etxeberriak erreparazioa dakarten ikerlanak hartuko ditu mintzagai. Bertha Gaztelumendik Memoria partekatu baterantz ikerketa aurkeztuko du, eta Amaia Kowaschek egiaren herri batzordeak  eta bereziki 1978ko sanferminetako egiaren batzordea hartuko ditu mintzagai. Inma Errea izanen dute moderatzaile.

Larunbatean, urriaren 6an, Bilbon eginen da bigarren jardunaldia, EHUren Bizkaia aretoan. Aitzpea Leizaola antropologo eta Foro Sozial Iraunkorreko kideak emango dio hasiera bigarren egunari,  Sufrimenduaren kartografia integral baterantz egitasmoaren aurkezpenarekin. 

Foro Sozialaren bortzgarren aldia bukatzeko, Egia eta Justizia: Nazioarteko erreferentziazko esperientziak, euskal kasuaren erronkak eta proposamenak mahai ingurua eginen dute. Amaia Alvarez kazetari eta zuzenbideko irakaslea eta Jon Mirena Landa zuzenbideko katedraduna izanen dira hizlariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.