EUSKARA

Ofizialtasunean oinarritutako lege proposamena aurkeztu du Kontseiluak Parlamentuan

Ofizialtasunak hizkuntzari "balio juridikoa" eransten diola nabarmendu du Paul Bilbaok

Kontseiluko Joxerra Olano eta Paul Bilbao, gaur, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2018ko urriaren 3a
07:03
Entzun

Kontseiluak agerraldia egin du gaur Nafarroako Parlamentuko Euskararen Lege berri bat idazteko batzorde berezian. Lege proposamen propioa aurkeztu dute Paul Bilbao eta Joxerra Olanok, arau berria ondu behar duten parlamentariek aintzat har dezaten.

Proposamena osatzeko, Nafarroako herritarrek eginiko ekarpenak aintzat hartu ditu Kontseiluak. "Euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak eta arazoak ezagutu nahi izan ditugu, eta horiekin osatu dugu txostena", azaldu du Bilbaok. Hainbat ardatzetan oinarrituta dago lege proposamena; besteak beste, administrazioan, kulturan, osasungintzan eta justizian euskararen normalizazioa bermatzeko hartu beharreko neurriak aletu dituzte.

Lege proposamenaren oinarri nagusietako bat ofizialtasunari ematen dion zentraltasuna da. "Ofizialtasuna da gure proposamenaren oinarria, balio juridikoa ezartzen duelako. Pisuzko arrazoi bat iruditzen zaigu, euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabal dadin eskatzeko", esan du Bilbaok. Hartara, lege berrian ofizialtasuna ezarriko balitz, euskaldunen eskubideak aitortzeaz gain, erakundeek ere "betekizunak" izan beharko lituzkete, eskubide horiek bermatze aldera.

Espainiako estatuan dauden beste erkidego batzuekin ere alderatu du Nafarroan 1986tik indarrean den Euskararen Legea. "Estatu beraren barruan, esparru juridiko berak baldintzatuta, oso bestelako legeak ezarri dituzte EAEn, Baleareetan edota Galizan. Alderaketa egin dugu, eta denetan ahulena da Nafarroako Euskararen Legea".

Alderdien txandan, Kontseiluaren proposamena begi onez hartu dute lauko gobernuari eusten dioten taldeek, ñabardurak ñabardura.

Geroa Bai-ren izenean, Jokin Castiellak esan du proposamen "interesgarria" eta "sendoa" iruditu zaiola, eta txalotu egin du "herritarrak erdigunean jarri izana".

EH Bilduko parlamentari Dabid Anautek bat egin du Kontseiluaren ikuspegiarekin, eta esan du "hizkuntza eskubideek eta ofizialtasunak" egon behar dutela Euskararen Lege berriaren oinarrian.

Carlos Cousoren esanetan (Ahal Dugu-Orain Bai), "hizkuntzaren normalizazioa funtsezkoa izanen da", eta garrantzitsu jo du zonifikazioa eraistea, "euskara borroka politikorako tresna gisa erabiltzeari uzteko".

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, azkenik, ontzat jo ditu Kontseiluaren puntuetako batzuk, baina "borondatea eta progresibitatea" legean jasotzeko beharra aipatu du. Akordio programatikoari ere erreferentzia egin dio, oinarria izan dadin.

Oposizioko alderdien artean, PSN izan da batzordean azaldu den bakarra (UPNk eta PPk iaz erabaki zuten Euskararen Batzordean ez parte hartzea), eta kritiko azaldu da Kontseiluaren proposamenarekin. Ez du nahi ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea, "horrek ez baitu bermatuko jende gehiagok euskara ikastea". Egungo legearekin "nahikoa" dela azpimarratu du Inma Jurio legebiltzarkideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.