Uharteko kasuak agerian utzi du «interbentzio» egokien premia

Elkarretaratzeak egin dira Natalya Ballyren hilketa gaitzesteko. Gaur hiriburuetan batzeko deialdia egina du mugimendu feministak

2018ko abuztuaren 30a
15:43
Entzun

Kezka eragin du Uharten (Nafarroa) asteburuan kolpatuta agertu zen emakumearen kasuak —Natalya Bally zuen izena—; erietxera eraman zuten, eta hil egin zen astelehenean. Kartzelan dago haren senarra, hiltzailea delakoan. Indarkeria matxistaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako seigarren andrazkoa da, itxura guztien arabera. Eta arduratuta oroitarazi du mugimendu feministak «behar besteko interbentzioa» ez zela bermatu heriotza hau saihesteko. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa plataformak atzo gogorarazi zuen udaltzainek aurrez bitan atxilotu zutela gizona «tratu txarrengatik», baina behar adinako neurririk ez zela hartu andrazkoa babesteko. «Emakumeak ez zuen salaketa jarri nahi, eta, beraz, ez ziren indarkeria sexistaren aurka dauden protokolo eta bitarteko publikoak jarri haren mesedetan», deitoratu zuen.

Gertaerari erantzunez, hilketa matxista salatzeko bi mobilizazio egin zituzten atzo. Eguerdian, Uharteko Udalak deituta, bi minutuko elkarretaratze isila egin zuten plazara bildutako udaleko kideek eta Uharteko bizilagunek. Ondoren, Idoia De Carlos eta Ana Labiano zinegotziek hilketa gaitzesteko ohar bat irakurri zuten. Azpimarratu zuten indarkeria matxista «egiturazko indarkeria» dela, eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dela. Azaldu zuten Uharteko gertaera «larriak» «agerian» utzi duela instituzio publikoek duten ardura: «Lanean jarraitu behar dugu gizarte justu eta parekide baten alde». Arratsaldean elkarretaratzea egin zen mugimendu feministak deituta. Nafarroako Gobernuak, berriz, gaitzetsi egin ditu «emakumeen kontrako indarkeria guztiak», eta konpromiso irmoa erakutsi du horren aurka lanean segitzeko. Ana Ollo kontseilariak salatu du «izozmendiaren punta» besterik ez direla emakumeen kontrako erasoak.

Atzokoez gain, gaurko mobilizazio gehiago antolatu ditu mugimendu feministak: Donostiako Bulebarrean bilduko dira 19:30ean; Bilboko Arriaga plazan eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan, 20:00etan. Herri gehiagotan ere deitu dute jendea kalera ateratzera. Besteak beste, Bergaran, Oñatin eta Arrasaten (Gipuzkoa) mobilizazioak antolatu dituzte gaur arratsalderako, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Twitterreko kontuan zabaldu duenez.

Eraso sexisten gaitzespena

Elkarrekin Podemosek, ohar baten bidez, salatu egin du herenegun Gasteizen izandako eraso matxista. Beharrezkotzat jo du berdintasun politikak eta indarkeria matxistaren aurkako borroka «sakon berrikustea». Alderdiak salatu du azken eraso hori «batu egiten zaiela» emakumeek emakume izate hutsagatik egunero jasaten dituzten «dozenaka erasoei». Uharteko hilketaren harira ere gaitzespena adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.