Mikel Buil Ahal Dugu-ko hautagai izateko primarioetan lehiatuko da

Egungo Ahal Duguko parlamentariak azaroan egingo dituzten hauteskundeetan lehiatzeko asmoa adierazi du. Hautagaitza "feminista" eta "herrikoia" aurkeztuko du Builek.

Mikel Buil, artxiboko irudi batean./
Mikel Buil, artxiboko irudi batean./ Iñigo Uriz/FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko urriak 5

Azaroan egingo ditu Nafarroako Ahal Duguk foru hauteskundeetan zerrendaburu izateko hauteskunde primarioak. Gaur goizean, Mikel Buil Ahal Duguko parlamentariak primaria hauetan aurkeztuko dela adierazi prentsaurreko batean.

Prentsari egindako adierazpenetan erran duenez, Ahal Dugurentzat heldutasunera heltzeko garaia da oraingoa: "Ahal Dugu barruan garai berri batean gaude, heldutasunera heltzeko garaian eta jende askok garai berri honetan lider izatera animatu nau".

Primarioetara aurkeztuko duen hautagaitza ez dela egungo zuzendaritzako kideez osatuta egongo adierazi du Builek. Alderdiaren barruan "integraziorako" mezua zabaldu du eta hautagaitzan profil eta sentsibilitate ezberdinetako jendeak bat egingo duela gaineratu. Hala ere, hautagaitza "feminista" eta "herrikoia" izango dela nabarmendu du.

Eduardo Santosek Irailaren 27an Nafarroako Parlamentuan aurkezteari uko egin ondotik aurkeztu den lehen hautagaitza izan da Builena.

Zatiketa hizpide

Gaur egun Ahal Duguren barruan dagoen zatiketa ere izpide izan du Builek. Zatiketa hau ez gertatzeko ahal zen guztia egin duela erran du Builek baina onartu du berriro bat egitea zaila dela. "Legegintzaldi hau bukatzeko gutxi gelditzen da eta egindako saiakera guztiek egoera honetara eraman gaituzte. Nik beti lan eginen dut harreman onak izan daitezen" adierazi du.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna