INGURUMENA

Lurrak 2030 eta 2052 artean gaindituko du 1,5 graduko igoera, egungo kutsadura erritmoarekin

Klima aldaketari buruzko txostena argitaratu du IPCCk, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak. "Erroko aldaketak" eskatu dituzte NBEko adituek, berotze globala 1,5 gradura mugatzeko.

IPCC taldeko adituak, Intxeogo (Hego Korea) bilkuran.
IPCC taldeko adituak, Intxeogo (Hego Korea) bilkuran. YONHAP / EFE

Ion Orzaiz -

2018ko urriak 8

Klimaren auzian, aldaketa "azkar eta sakonak" eskatu ditu Nazio Batuen Erakundearen barruko IPCC zientzialari taldeak, gaur goizaldean Intxeonen (Hego Korea) aurkeztutako txostenean. Mende honetan lurrazaleko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez berotzea helburutzat jarrita, "aurrekaririk gabeko aldaketak" beharko direla ohartarazi dute adituek. Egoera "larria" dela salatu dute: gaur egungo CO2 isuriekin eta garapen erritmoarekin segituz gero, Lurrak 2030. eta 2052. urteen artean gaindituko du 1,5 graduen langa. Kalte batzuk "atzeraezinak" izango dira orduan, ekosistementzat, lur gaineko bizitzarentzat nahiz gizarteentzat.

Egoera "larria" dela ohartarazi dute IPCCko zientzialariek. 2015eko Parisko Akordioaren helburuak betetzea "oso zaila" izanen da: 2100. urterako, lurrazaleko tenperatura orokorra 2 gradu ez igotzea jarri zuten helburu akordio hartan, eta, ahal dela, 1,5 gradura ez iristea. 1,5 eta 2 graduko igoeraren artean alde nabarmena dagoela uste dute: "Ondorioak ez lirateke hain katastrofikoak izanen, tenperatura globalaren igoera 1,5 gradura mugatuz gero", azaldu dute txostenean. Hala ere, IPCCk zalantzan jarri du helburu hori lortzeko garaiz ote dagoen Lurra.

Izan ere, Parisko Akordioan adostutako isurketa mugak errespetatzea lortuko balitz ere, 2100. urtean 1,5 graduko igoerara iritsiko litzateke tenperatura orokorra, eta kalte batzuk "atzeraezinak" izanen lirateke, espezie eta ekosistema batzuk hil eginen lirateke eta itsasoaren mailaren igoerak kostaldeko hainbat lurralde desagerraraziko lituzke.

Horri aurre egiteko, hainbat neurri planteatu ditu IPCCk gas isurien, garraioaren, hiri mugikortasun plangintzaren edota nekazaritza iraunkorraren esparruetan.

Eragotzi daitekeela nabarmendu du Greenpeacek

Neurriak hartuz gero lurraren berotzearen abiada geldiaraz daitekeela nabarmendu du Greenpeacek. Horretarako, neurri batzuk proposatu ditu: CO2 isuriak 2030erako erdira jaistea; urte bererako ikatzaren kontsumoa bi heren jaistea eta 2050erako zerora murriztea; petrolioaren kontsumoa erdira jaistea, eta gasarena herenera. Gainera, behar-beharrezkotzat jotzen du basoak zaintzea eta  berritzea.

Europako Batasuneko herriek, konpromisoak berritu behar dituztela uste du, bestalde, Ekologistak Martxan taldeak. Emisioak murrizteko konpromisoak hartzeko eskatu die Gobernuei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna