autogobernua

EAJk eta EH Bilduk erabakitzeko eskubidea babestu dute Europako Parlamentuan

Bruselan eginiko konferentzia batean parte hartu dute Joseba Egibarrek eta Maddalen Iriartek.

Egibar eta Iriarte, erdian, Europako Legebiltzarreko sarreran.
Egibar eta Iriarte, erdian, Europako Legebiltzarreko sarreran. / EH Bildu

Jon O. Urain -

2018ko urriak 10

Ordezkapenik Gabeko Nazio eta Herrien Erakundeak eta Kataluniaren eta Europako Batasunaren arteko elkarrizketa sustatzearen aldeko plataformak autodeterminazio eskubideari buruzko mintegi bat antolatu dute gaur goizerako Europako Legebiltzarrean, GUE-NGL, Berdeak-ALE eta ALDE taldeek babestuta. Han izan dira, Joseba Egibar eta Maddalen Iriarte, EAJko eta EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, besteak beste, autogobernu lantaldean estatus politiko berrirako onartutako oinarriak azaltzeko.

Europa "barrutik zabaltzera" deitu du Egibarrek, "errealitate nazionalak" aitortuta. Izan ere, uste du estaturik gabeko nazioek "leku bat" izan behar dutela "Europako lurzoruan": "Uste dugu barne zabalkundea aukera bat dela. Badakigu agintariak eta egungo estatuak justaposizio gisa funtzionatzen ari direla, baina hausnarketa horrek bide bat zabal dezake, gutxienez, estatuak baino lehenagokoak diren errealitate nazional horiek egokitzapen eta leku bat izan dezaten lurzoru europarrean".

Erantsi duenez, hausnarketa hori ez da berria: "Badaude Kopenhageko irizpideak betetzen dituzten entitate konstituzional azpiestatalak".

Iriartek, berriz, estatus politiko berriaren oinarrien inguruko akordioa balioetsi du: "Lehen aldiz historia hurbilean, gure herrialdeko bi tradizio politiko handiek, egun hautesleriaren %58 ordezkatzen dutenek, printzipio batzuk adostu ditugu, gizarte modernoa, irekia eta ongizate pertsonal eta kolektibo mailarik handiena nahi duena eraikitzeko helburuz".

Horrez gain, azaldu du eskubide sozialak eta politikoak ezin direla "bereizi"; izan ere, uste du eskubide sozialak "agintzen dutenen kontzesioak" direla "herritarrak ez badira beren eskubide politikoen jabe".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna