Atxiloketa

Luis Miguel Ipiña iheslaria askatu egin dute, Madrilen atxilotu eta gero

Barajasko aireportuan atzeman dute, Kolonbiatik lurreratu eta gero.

Barajasko aireportuan atxilotu dute Ipiña, Madrilen. /
Barajasko aireportuan atxilotu dute Ipiña, Madrilen. / Mariscal/EFE

Berria -

2018ko urriak 10

Espainiako Poliziak Luis Miguel Ipiña iheslaria atxilotu du Barajasko aireportuan, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. 2015etik haren aurkako atxilotze agindua zuela-eta atzeman dute, goizeko zortziak aldera, Kolonbiatik abiatutako hegazkin batetik irten eta gero.

Naiz.eus atariak ondoren zabaldu duenez, ordea, aske utzi dute. Auzitegi Nazionalera eraman dute, eta epailearen aurretik igaro ostean libre geratu da, epaiketaren zain. Bi astean behin agertu beharko du epaitegian, eta ezin izango da Espainiako Estatutik irten.

Donostiarra da Ipiña; 67 urte ditu, eta 1970eko hamarkadatik Mexikon bizi da. Herrialde horretan atxilotu zuten 2011ko maiatzean, eta 2012ko urrian askatu zuten.

Hura atxilotu eta gero, haren espetxeratzearen baldintzak salatu zituen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Gainera, haren aurkako "azpijokoa" salatu zuten Ipiñaren abokatuak eta bi preso ohik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna