Espainiako aurrekontuak

Gutxieneko soldata 900 euroan ezartzea adostu dute Espainiako Gobernuak eta Unidos Podemosek

Espainiako aurrekontuetarako akordioa hitzartu dute. Azken lan erreformaren puntu batzuk bertan behera utziko dituzte.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia, gaur, Moncloa jauregian, Espainiako aurrekontuetarako akordioa sinatzen. ZIPI, EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Iker Aranburu
2018ko urriaren 11
17:51
Entzun

Goizean bildu dira Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua eta Pablo Iglesias Podemosko idazkari nagusia, Moncloan, azken asteotan beren taldeek negoziatutakoa lotzeko. "Estatu sozial baterako" aurrekontu akordioa hitzartu dute, baina baliteke ez izatea azkenean Espainiako Kongresuak onartzen duena —baldin eta onartzen badu—. Izan ere, PSOEren eta Unidos Podemosen artean 151 diputatu dituzte, eta beste 25 behar dituzte gehiengo osorako. ERC, PDeCAT eta EAJ taldeetan bilatu nahi ditu  Sanchezek.

Aitor Esteban EAJko diputatuak adierazi du alderdi jeltzaleak proposamen "egingarria eta arrazoizkoa" egingo diola Sanchezen gobernuari, bost alderdiren arteko adostasuna lortzea "konplexua" den jakitun. EH Bilduren iritziz, Sanchezek argitu beharko du "praktikara eramango ote duen elkarrizketarako duen ustezko borondatea" ala "irudi eta keinuen politikan" geldituko den. Kataluniari erabakitzeko eskubidea aitortzearekin lotu du koalizioak aurrekontuen onarpena.

Aurrekontu akordioak 50 orrialde ditu, eta 14 arlotan banatu dute.

Neurririk deigarrienetako bat da gutxieneko soldata 900 euroan ezartzea, gaur egun baino %22 gehiago. Unidos Podemosek 736 eurotik 1.000 eurora igo nahi zuen, baina PSOEK uste du gehiegizkoa zela bat-batean egiteko.

Pentsioen inguruan ere erabaki garrantzitsu bat hartu dute: 2019an, KPIa adina igoko dute, %3 handituko dituzte pentsiorik txikienak eta kotizazio gabekoak. Pentsio sistemaren erreforma sakonagoa ere egin nahi dute, eta horretan ere inflazioari lotu nahi diote pentsioen eguneratzea. Kongresuko Toledoko Itunean ere "KPIan oinarritutako" eguneratzea adostu dute talde gehienek, baina interpretazio horren anbiguotasuna baliatzen ari dira eskuineko taldeak esateko inflazioa ez dela izango faktore bakarra.

Etxebizitza politikara bideratutako neurriek osatzen dute PSOEren eta Unidos Podemosen akordioaren beste atal bat. Estatuko Etxebizitza Planerako diru gehiago bideratzea, maizterrentzako babes neurriak eta tentsio handiko inguruetan —alokairuak "abusuzko hazkundea izan duen guneetan— alokairuen prezioa udalek erregulatzeko aukera izatea jaso ditu.

Horrez gain, lan erreformaren "alderik kaltegarrienak" indargabetzeko konpromisoa jaso dute, 2018. urtea amaitu aurretik. Horrela, azken erreformak ezarritako urtebeteko ultraaktibitatea luzatu egingo dute, hots, hitzarmen baten iraunaldia amaitzen denean urtebete baino gehiago jarraituko du indarrean. Gainera, agindu dute aldatu egingo dituztela lan baldintzak zeharo aldatzeko arrazoiak.  Bigarren epe baterako utzi dute azpikontratazioen gaineko araudia gogortzea, eta lan munduan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko neurriak zehaztea.

52 urtetik gorako langabeen subsidioa ere berreskuratzea adostu dute Sanchezek eta Iglesiasek. Krisi batean, PPren gobernuak 55 urtera zabaldu zuen langabe adinduen laguntza berezia jasotzeko aukera, eta haren kopurua txikitu zuen.

Autonomoen erregimena moldatzea ere adostu dute, kotizazioak "diru sarrera errealen" araberakoak izan daitezen.

Amatasun eta aitatasun baimenak parekatzeko egutegi bat ere adostu dute. 2019an, aitatasun baimena 8 astekoa izatea proposatuko dute, 2020an 12koa izatea eta 2021ean 16 astekoa. Baimenak besterenezinak izango lirateke.

Akordioak 180 milioi haur pobreziari aurre egitera eta familien laguntzetara bideratzea aurreikusten du. Seme edo alaba bakoitzeko egungo 291 euroko diru laguntza 473 eurora arte handituko da datorren urtean.

Zerga eta gizarte kotizazio aldetik berritasun asko ditu aurrekontu proiektuak. Hego Euskal Herrian eragin zuzena dutenen artean dago aparteko orduek berriro ere kotizatu beharko dituztela enplegatzaileek, 2012 aurretik egiten zuten moduan. Finantza eragiketen gaineko %0,2ko tasa bat ere sortuko dute, Tobin tasan oinarrituta. Zor publiko eta pribatuaren salerosketa ez dute zergapetuko, baina bai, ordea, akzioena. Berez, Europako Batasunaren asmoen artean dago lurralde guztietan ezartzea modu horretako tasa bat, baina desadostasunen ondorioz gaia blokeaturik dago.

Beste zerga bat ere proposatu dute PSOEk eta Unidos Podemosek: enpresa teknologikoen gaineko tasa. Facebook, Google eta antzekoentzat prestatutako zerga bat izango da, eta haiek ematen dituzten hainbat zerbitzu %3ko tasarekin zamatuko ditu. Gaur egun multinazional horiek legezko trikimailuak erabiltzen dituzte zergarik ez ordaintzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.