Naval

Legebiltzarrak aho batez eskatu du Navalerako alternatiba publiko-pribatu bat

Ontziolako akziodunei, langileei, Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari egin dio eskaera Legebiltzarrak. Bestalde, Jaurlaritzari eskatu dio egiteko txosten bat ere Navalen aktiboak erosteko operazioa ikuspuntu juridiko ekonomiko eta industrialetik aztertzeko.

Luis Jauregialtzo / Foku

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urriak 11

Datozen asteetan Navaleko langile guztien kontratuak etengo dituela jakinarazi zien zuzendaritzak atzo beharginei, eta Sestaon egin zen manifestazioaren biharamunean batasun irudia ikusi da Eusko Legebiltzarrean. Osoko bilkura egiten ari dira goizean zehar, eta alderdi guztiek bat egin dute Navalen inguruko legez besteko proposamena onartzeko garaian. Testuak Jaurlaritzari eskaera zuzena egiten dio, eta ontziolaren aktiboak erosteko aukera aztertuko duen txosten bat egiteko eskatu dio “ahal bezain azkarrena”. Horrekin batera, langileei, akziodunei, Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari dei egin die mahai bat osa dezaten: “Aukeren artean egongo da, besteak beste, erakunde publikoek jabetzan parte hartzea”.

Aho batez adostu da testua, baina alderdien artean desadostasunak egon dira osoko bilkuran. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak ontzat eman du akordioa, “baina ez da nahikoa”. Inbertitzaile pribatuen bila ahalegin handiagoa eskatu dio Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuari: “Behar baldin bada, sor ezazue bat”. Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemosekoak, berriz, erreskate publikoa eskatu du, “gehiengo parte hartzearekin ala ez”. Javier Telleriak bi alderdien jarrera salatu du, eta esan du Jaurlaritza ontziolako langileen ondoan egon dela denbora honetan guztian, eta alderdi guztien artean lortutako adostasuna nabarmendu du: “Langileei erakutsi behar zaie behintzat alderdi denen artean akordio bat badagoela”.

Itxierari alternatibak

Bozketa amaitu ostean, Legebiltzarreko korridoreetan hitz egin du Tapiak, eta esan du kontratua eteteak ez dakarrela berekin ontziolaren itxiera, eta oraindik jarduerari eusteko alternatibak egon badaudela. Baina ardura eskatu du erabakiak “segurtasun juridikoarekin” har daitezen. Esan du “kezkatzekoa” dela erregulazio txostena, eta zehaztu: “baina ez du esan nahi irtenbiderik ez dagoenik”. Jaurlaritzak bost milioi euroko ekarpena egiteko asmoa duela esan du gainera, baina betiere inbertitzaile pribatu bat agertuko balitz, eta “parte hartze publikoa onartuko balu”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna