Politika

Poliziaren biktimen legea moldatzeko proposamena aurkeztu dute EAJk eta PSEk

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako aldaketak jaso dituzte lege proposamenean. EAJk eta PSEk diote aldaketek "segurtasun juridiko handiagoa" ematen diotela legeari.

Jose Antonio Pastor eta Iñigo Iturrate
Jose Antonio Pastor eta Iñigo Iturrate Juanan Ruiz / Foku

Berria -

2018ko urriak 11

Poliziaren biktimen Euskal Autonomia Erkidegoko legea erreformatzeko proposamena gaur goizean erregistratu dute Iñigo Iturrate jeltzaleak eta Jose Antonio Pastor sozialistak, Eusko Legebiltzarrean. Lege egitasmoan jasota daude Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako aldaketak, eta horiek eragina dute hiru artikulutan eta seigarren xedapen gehigarrian. Zehazki, aldaketa horien ondorioz, legeak berariaz uko egingo dio delituen ikerketari, eta, beraz, auzibideari. Testuak preseski jasoko du auzibidea baztertzeko asmoa, eta kasuak aztertuko dituen Balorazio Batzordearen xedea ez dela izango gertatutakoa argitzea, "espedienteen ebazpen osatuena egitea" baizik.

Polizia gehiegikerien biktimen legea joan den 2016ko uztailaren 28an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSEren aldeko botoekin (EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten PPk eta UPDk). Madrilek, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta arauaren hainbat atal behin-behinean eten zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Aurtengo uztailean, Jaurlaritzak eta Pedro Sanchezen gobernuak iragarri zuten ados jarri zirela legean aldaketak egiteko, Madrilek helegitea kentzearen truke.

EAJk eta PSEk gaur erregistratu duten lege egitasmoak aldaketa horiek biltzen ditu. Bi talde horiek ohar batean azaldu dute legeari egindako aldaketak "puntualak" direla, bere horretan uzten dutela arauaren jatorrizko zentzua, eta egindako aldaketek "segurtasun juridiko handiagoa" ematen diotela legeari. EAJk eta PSEk azaldu dute euren asmoa beti izan dela "biktimen interesak lehenestea", baina hainbat eremutan piztutako "zalantza eta zuhurtziak" ikusirik, horiek konpondu nahi izan dituztela. "Erreformak egingo ez bagenitu, irteerarik gabeko kalezulo batean sartuko ginateke, eta zapuztu egingo genituzke kolektibo baten itxaropenak, jakinda kolektibo hori babesgabe sentitu dela botere publikoen aldetik", argudiatu dute bi taldeek.

Legearen mamia Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago oraindik, Espainiako Gobernuak estatuko abokatuari jada agindu dion arren helegitea erretiratzeko. Hori hala, lege proposamena premiaz tramitatzeko galdegin dute EAJk eta PSEk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna