Zubietako erraustegia

Erraustegiaren proiektua "neurriz gaindikoa" eta "ez eraginkorra" zela ebatzi du Kontu Auzitegiak

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohia errugabetzeaz gain, epaiak frogatutzat jo du erraustegiaren lehenengo proiektua defizitarioa zela. EH Bilduk zuzenketa bat eskatu die jeltzale eta sozialistei.

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohia, EH Bilduren ekitaldi batean. /
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohia, EH Bilduren ekitaldi batean. / Aritz Loiola/Foku

Berria -

2018ko urriak 11

Kritika zorrotza egin dio Espainiako Kontu Auzitegiak Zubietan (Donostia, Gipuzkoa) errauste planta eraikitzeko lehen proiektuari. Margarita Mariscal de Gante magistratuak —Aznarren gobernuan PPko ministro izandakoak— ziurtatu du nahiko froga dagoela errauskailua "neurriz gaindikoa" zela baieztatzeko. Hori dela eta, azpiegitura ezin zitekeen eraginkorra izan eta "bideraezina" izatera ere iritsi zitekeen, magistratuaren esanetan.

Auzitegiak ontzat eman ditu EH Bilduko agintari ohien argudioak, eta errugabetu egin ditu erraustegi plantaren proiektua bertan behera uzteagatik leporatzen zitzaizkien kontabilitate erantzukizunetatik. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak salatu ditu, eta 46 milioiko kalte-ordaina eskatu die. Auzitegiaren arabera, baina, kontratua ez eteteak are galera handiagoak eragingo lituzke. "Kontratua bertan behera ez uzteak, gutxienez, gainkostu handiagoa eragingo lieke mankomunitateei". Kostu hori, 2014 urtean soilik, 11 milioikoa litzatekeela adierazi du auzitegiak.

Magistratuak ez du beharrezkotzat jo aztertzea ea kontratua etetea legez kontrako erabakia izan zen ala ez. Erabaki horren zilegitasuna argitzeko, berriz, beste auzi bat dago abian, eta Espainiako Auzitegi Gorenari dagokio erabakitzea.

Aldiz, Kontu Auzitegiak adierazi du Errazkinek eta Intxaurrandietak bultzatu zuten kontratu etena ez dela eragozpena izan "neurriko beste azpiegitura bat" eraiki ahal izateko. Era horretan, baztertu egin du "azpiegitura behin betiko geldiarazteko" borondatea izan zutela, EAEko Justizia Auzitegiak bere epaian adierazitakoaren aurka.

Intxaurrandietaren presidentetzaren ondoren GHKren ardura hartu zuzendaritza berriaren iritziz —EAJk eta PSEk kudeatzen dute ordutik—, EH Bilduko agintariek espekulatzaile bihurtu zuten bankuei ordaindu beharreko zorra; kontratua etetearen ondorioz, swap direlako aseguruek interes tasak aldagarri bihurtu zituztela argudiatuta. Auzitegiak ukatu egin du halakorik, eta azpiegituraren kontratua sinatu zutenei leporatu die horren erantzukizuna. "Neurriz gaindiko azpiegitura baten kontratazioa da, finean, swap-ek beren helburua galtzera daramatenak. Ezin zaie halakorik leporatu akusatuei, ez baitzuten kontratazio horretan esku hartu".

Gipuzkoarrekin konpondu beharreko arazoa

Epaiaren berri izan ostean, agerraldia egin du EH Bilduk Donostian eta eskatu diete jelzale eta sozialistei utz dezatela alde batera auzitegietako bidea eta bazter ditzatela "mendeku eta mehatxuak". Auzia konpontzeko bide bakarra, "gipuzkoarrekin hitz egitea" dela adierazi du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohiak eta diputazioko bozetarako Bilduko zerrendaburuak.

Ordea, GHK-k helegitea aurkezteko asmoa agertu du, eta gogorarazi epaia ez dela oraindik irmoa. "Auziak Gorenean amai dezake", ohartarazi du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna