BGAE

"Soldata eta zerga urriekin ez dago pentsio publikorik, ezta BGAErik ere"

BGAEen bidez inbertsio funts bat eratzeko asmoa azaldu izan du Jaurlaritzak, baina ELAk salatu du ez dutela inongo proposamenik jaso. "Sindikatuak pentsio publikoak defendatuko ditu beti", esan du Muñozek

Mikel Noval eta Adolfo Muñoz, artxiboko irudi batean. /
Mikel Noval eta Adolfo Muñoz, artxiboko irudi batean. / Marisol Ramirez/Foku

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urriak 12

Pentsioen inguruko auzia bizi-bizi dago azken hilabeteetan, eta kaleko eskariari erantzunez Eusko Jaurlaritzak horiek osatu ahal izateko lege erreforma bat proposatuko duela esan izan du. Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erankudeen (BGAE) inguruko erreforma bat aipatu izan dute, horien fiskalitatea hobetuz, horrela etorkizuneko pentsioen osagarriak norberak bere aurrezkietatik jarri ahal izateko. Gaur goizean ELAk egin duen prentsaurrekoan aukera hori gaitzetsi egin du, eta Joseba Villarreal ekintza sindikaleko arduradunak “propaganda ariketa bat” dela salatu du. Areago, Adolfo Muñoz idazkari nagusiak hori planteatzea bakarrik lotsagarria dela azaldu du, “gero eta langile gehiago hilabete amaierara ez direla iritsiko pentsatzen ari baitira”. Horregatik, egoera horretan dauden langileek BGAEan ekarpena nola egin dezaketen galdetu du.

BGAEek beste tratamendu fiskal bat edukitzearen proposamena egiten dutenek “dirua duten jendean pentsatzen” duela esan du. “Dirua duen jendeak zergak ez ordaintzean pentsatzen du. Gainera, Jaurlaritzaren asmoa kohesio soziala baldin bada, halako ikuspegiak ezin dira ontzat eman”. Prekaritatea kronifikatzen bada, pentsio osagarri pribatu horiek dirua dutenek egin ahal izango dutela salatu du.

Areago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeek soldatak jaisteko politikei eutsi izan diela salatu du sindikatuak, eta horregatik pentsio publikoen bideragarritasun ezan ekarpena egin dutela azaldu du. “ELAk ez du onartzen BGAE zergak aurrezteko sistema huts bilakatzea. Beldur gara foru aldundietako adierazpen arranditsuek ez ote dituzten ezkutatuko zerga arintze handiagoak, errenta altuek gutxiago ordain dezaten”. Horregatik, pentsio publiko duinak defendatu ditu sindikatuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna