bakegintza

Zapatero eta Otegi, mintzaide Txillarren

El Correo egunkariak argitaratu du Espainiako Gobernuko presidente ohia eta EH Bilduko koordinatzailea Elgoibarren elkartu zirela irailaren 8an.

Elgoibarko Txilarre baserria. TXILLARRE.EUS
2018ko urriaren 13a
19:46
Entzun

Elgoibarko Txillarre baserrian (Gipuzkoa), ezker abertzaleko eta PSE-EEko kideek elkarrizketak izan zituzten 2000ko hamarkadaren hasieran, jakina denez. Bertan elkartu izan ziren Arnaldo Otegi eta Pernando Barrena ezker abertzalekoak eta Paco Egea eta Jesus Egiguren PSE-EEkoak. ETA jardunean zen orduan, eta elkarrizketa horiek ahalbidetu zuten erakunde armatua zena eta Espainiako Gobernua hitz egiten hastea. 2005etik 2007ra bitartean iraun zuten elkarrizketek. 2004ko martxoan hauteskundeak irabazi eta gero, Jose Luis Rodriguez Zapatero zen Espainiako Gobernuko presidentea.

El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez, Rodriguez Zapaterok eta Otegik elkar ezagutzeko bilera bat egin zuten irailaren 8an, Txillarren bertan. Informazio horren arabera, EH Bildukoarena izan da ekimena, baina ezein aldek ez du bilerari buruzko azalpenik eman nahi izan.

Bileraren berri izan eta gero, PPk kontuak eskatu dizkio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko egungo presidenteari. Sare sozialetan, PPko presidente Pablo Casadok galdetu du Zapatero "Sanchezek bidalitakoa" ote den: "Gobernuan jarraitzearen truke, [Sanchez] gai da aurrekontuak negoziatzeko biktimei barkamena eskatzen ez dieten terroristekin, zigorrik gabeko 376 hilketa argitzen laguntzen ez dutenekin. Azalpenak eskatzen ditut, bilera horrek Terrorismoaren Aurkako Itunari eraso egiten baitio".

Andrea Levy PPko Ikerketa eta Programa idazkariak ere aurrekontuekin lotu du Zapateroren eta Otegiren arteko bilera, eta "ezkutuko hitzarmenak" egitea egotzi dio Sanchezi: "Batek daki zer ari zaion Sanchez Bilduri eskatzen aurrekontuak onartzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.