'Cabacas auzia'

Lehen ertzainak agerian utzi du Cabacas hil zuen operatiboko polizien buruen ardura

Egun horretan ofizial zen ertzainak esan du gomazko piloten erabileraren araudia ez zutela ezagutzen eta plaza hutsik zegoen arren sartu egin zirela Ugarteko-k hala aginduta.

Auzipetutako ertzainak, bizkarrez, akusatuen aulkian. /
Auzipetutako ertzainak, bizkarrez, akusatuen aulkian. / Foku

Berria -

2018ko urriak 15

Sei urte eta erdiren ostean, gaur goizean hasi da Iñigo Cabacas Athleticeko zalearen heriotza argitzeko epaiketa. Sei ertzain daude auzipetuta, eta seiek deklaratu dute gaur. Deklaratzen lehena Ertzaintzaren ofiziala zen Cabacas hil zuten operatiboan, baina gaur egun Ertzaintza utzia duela azaldu du. Deklarazio mamitsuena izan da berea eta agerian utzi du bere gainetik zeuden arduradunek gertatutakoan izan zuten erantzukizuna. Azaldu du operatibo horretan parte hartu zuten ertzainek ez zutela eskarmenturik gomazko pilotekin eta ez zituztela ezagutzen horien erabilera arauak, eta azaldu utzi du egun horretan ez zegoela Ertzaintzak izan zuen operatibo eta jokabidearen beharrik. Gotzon Hermosilla BERRIAko kazetariak jaso ditu sei ertzain horien testigantza garrantzitsuenak:

Lehen ertzain horrek jakinarazi duenez, operatibo horretara (bi lagun taldeen arteko liskar batetaz ohartarazi zuten Ertzaintza) Bilboko herri segurtasuneko agenteak bidali zituzten, "istiluen kontrako jardunean oso eskarmentu gutxikoak". Bere arabera, ez zuen ematen plazan aritzea beharrezkoa zenik. "Ugarteko-k eman zuen hara jotzeko agindua". Joan zirenean, plaza hustuta zegoen. "Ni ez nintzen sartzearen aldeko. Nigatik, joan egingo ginen. Baina sartzeko agindu ziguten", adierazi du epaitegian. Erretiratutako ofizialak ukatu du operatiboaren tokiko arduraduna zenik, baina onartu du, maila goreneko ertzaina izanik, aginduak eman zitzakeela, eta akusazioak agerian utzi du bere ardura.

Ertzain horrek esan du, eurak iritsi zirenenerako Cabacas lurrean zegoela, "Athleticen bufanda batekin", eta belarritik odola zeriola. Adierazi du, egun hartako operatiboan parte hartu zuten ertzainek ez zutela eskarmenturik gomazko piloten erabileran: "Tiro egiteko gutxieneko distantzien berri ez genekien, arauak ez genituen ezagutzen, gu ez ginen horretan aritzen. Agente batzuek gau hartan hartu zuten pilotak botatzeko eskopeta estreinako aldiz". Bere hitzetan, ertzainak ez ziren jabetzen gomazko pilotak hiltzeko gauza direla: "Ordura arte ez zen inoiz gertatu; agian zortea izan genuen", esan du, nahiz eta Ertzaintzak hamazazpi urte lehenago, 1995eko ekainaren 22an, Donostian Rosa Zarra hil zuen gomazko pilota batekin ezker abertzalearen kontzentrazio batean.

Ertzain horren ondoren beste batek deklaratu du goizean, hamar minutuko atseden baten ondoren, 14 zenbakidun furgoneten arduraduna. Oso bestelako testigantza eman du horrek. Esan du berak bazekiela gomazko pilotak hilgarriak direla, baina egun horretan horiek erabiltzea arrazoizkoa zela bere ustez, ertzainen eta herritarren "bizia eta integritatea arriskuan zegoelako". Aitortu du bi futbol taldeetako zaleen arteko liskar bat zegoela sinetsita joan zirela ertzainak hara. Azaldu du ez zutela ahozko abisurik eman eta berak agindu zuela pilotak botatzeko, "erradikalen erasoa ikaragarria zelako". Tiro egiteaz akusatutako hiru ertzainek baino askoz gehiagok egin zutela tiro ere esan du, eta berak esperientzia handia zuela horrelakoetan: "29 urtean, ordukoaren moduko ehunka operatibotan parte hartu dut, edozein ertzainek bezala. Batzuetan, zazpi aldiz astean".

Epaiketa hasi aurretik, Cabacasen gurasoak eta lagunak epaitegiaren atarian bildu dira justizia eske. Manu Cabacasek, Iñigoren aitak, esan du semearengatik eta hau berriro inori gerta ez dakion nahi dutela justizia egitea. Fina Lizeranzu amak aitortu du egun txarrak ari direla pasatzen. Biek ere salatu dute erakundeek "bazterrean" utzi dituztela. Jone Goirizelaia abokatuak epaitegian adierazi du pozik daudela Cabacasen hilketa epaitegietara eraman dutelako, eta nabarmendu du fiskalagatiak balitz ez zela epaiketarik izango. "Espero dugu gaurtik aurrera zer gertatu zen argitzen hastea", gaineratu du.

Azaroaren 9ra arte

Hamalau saio eta ehun lekuko baino gehiagoren testigantza jasotzea aurreikusten ditu Cabacas auziko epaiketaren kronogramak. Gaurtik azaroaren 9ra luzatuko da, eta Bizkaiko Auzitegiak ebatziko du Iñigo Cabacas bilbotarraren hilketan ardurarik izan zuten ala ez auzipetutako sei ertzainek. Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 5ean zauritu zuen Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek, eta bost egun geroago hil zen kolpearen ondorioz. Bilboko Indautxu auzoko kalezulo batean jaurti zioten gomazko pilota, Athleticen Europa Ligako partida baten ostean. Cabacasek 28 urte zituen.

Gaurtik hasita, Bizkaiko Auzitegiak sei ertzain epaituko ditu: haietatik hiruk aitortu zuten gau hartan pilotak jaurtitzeko fusila erabili zutela eta tiro egin zutela —agente gehiagok egin zuten tiro, baina ezin izan dituzte identifikatu, eta, hortaz, ez dituzte epaituko—; gainerako hirurak operatiboan arduraren bat zuten ertzainak dira. (Jarraitu irakurtzen bideoaren ondoren).

Fiskalak ez du delitu zantzurik ikusten

Akusazio partikularrak "zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa" leporatzen die sei akusatuei, eta lau urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa eskatzen du haietako bakoitzarentzat. Fiskalak, aldiz, ez du delitu zantzurik ikusten, eta absoluzioa eskatzen du. Akusatuen artean ez da izango, ordea, Ugarteko ezizeneko ertzainburua, gau hartan operatiboaren arduradun izan zena, akusazio partikularrak hura ere epaitzeko eskatu zuen arren. Ez da akusatuen aulkian eseriko, baina epaiketan egongo da, lekuko gisa.

Ugarteko ertzainburuak behartu du Cabacas auziari lotuta orain arte egin den epaiketa bakarra. Salaketa aurkeztu zuen Gara eta Naiz.eus hedabideen, Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo hedabide horietako kideen eta Jone Goirizelaia akusazioaren abokatuaren kontra. Bere "ohorea eta intimitatea" urratzea leporatu zien, baina epaileak errugabe jo zituen.

Babesa Cabacasen senideei

Epaiketa hasieraren bezperan, elkarretaratze jendetsua egin zuten, Bilbon, Cabacasentzat "benetako justizia" eskatzeko. "Egia eta erreparazioa" galdegin dituzte Cabacasen gertukoek, Bilboko Albia lorategietan. Manifestariek lagundute, Albiako lorategietatik epaitegirainoko sarrerara arteko bidea egin dute Cabacasen senideek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna