Gobernu aldaketa Frantzian

Macronek lau ministeriotan eginen ditu aldaketak krisiari aurre egiteko

Azken asteetako gorabeheren ondotik, gaur goizean iragarri dute Frantziako Gobernuaren aldaketa, agiri bidez. Barne Ministerioan, Kulturan eta Laborantzan izanen dira aldaketa nagusiak. Castaner Barne ministro izanen da.

Christophe Castaner izango da Frantziako Barne ministro berria. CHRISTOPHE PETIT TESSON, EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2018ko urriaren 16a
07:34
Entzun

Nicolas Hulot Ingurumen ministroaren eta Gerard Collomb Barne ministroaren dimisioen ondotik, azken asteetan denen ahotan zen Frantziako Gobernuaren aldaketa. Lehengo ostiralerako iragarria zuen Frantziako prentsak, baina gaur goizean jakinarazi dute azkenean, agiri bidez. Hauek dira orain artekoari begira izanen diren aldaketa nagusiak:

-Orain arte gobernuko bozeramailea zen Christophe Castaner izanen da Barne ministroa, eta  ondoan izanen du Laurent Nuñez, estatu idazkariaren karguan –Baionako suprefeta izan zen 2010 eta 2012 artean–.

-Jacqueline Gourault Lurraldeen ministroa izanen da, eta  ondoan izanen ditu Sebastien Lecornu eta Julien Denormandie.

-Kulturan, Françoise Nyssen ordezkatzeko, Franck Riester ezarri dute, azken hilabeteetan hainbat eztabaidak zipriztindu dutena.

-Laborantza Ministerioa Didier Guillaumek hartuko du, senatari sozialisten buru ohiak.

-Azkenik, Marc Fesneau arduratuko da gobernuaren eta parlamentuaren arteko harremanez, Edouard Philippe lehen ministroaren ondoan.

Azken hilabeteetan gorabehera handiak izan ditu Frantziako Gobernuak, eta Benallaaferarenondotik Hulotek eta Collombek dimisioa eman izanak ahulduta erakutsi dute Emmanuel Macron presidentea. Azken asteetan, ezkerreko zein eskuineko politikari batek baino gehiagok jakinarazi du Frantziako Gobernuan sartzeari uko egin izan diola.

Halaber, deigarria da gobernu aldaketa jakinarazteko modua ere: lehen ministroaren ala gobernuko bozeramailearen ohiko mintzaldiaren ordez, agiri baten bidez jakinarazi dituzte ministro berriak; oraingoz, ez da gobernuaren adierazpen publikorik iragarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.