Enpresak

Ulazia kendu eta Gabiola jarri dute Tubos Reunidoseko buru

Langileekin gatazka handiak izan ditu orain arteko presidenteak.

Guillermo Ulazia (hirugarrena, ezkerretik), Tubos Reunidosen akziodunen batzar batean.-
Guillermo Ulazia (hirugarrena, ezkerretik), Tubos Reunidosen akziodunen batzar batean.- Mguel Toña / Ef

Iker Aranburu -

2018ko urriak 16

Tubos Reunidosek buruzagi berria izango du bizi duen krisi gogorretik ateratzeko. "Nazioarteko merkatuetako zurrunbiloek" eta "alde sozialetik dauden zailtasunek" eragin dute Ulaziaren ordezkapena. "Dimisioa" izan dela ziurtatu du Arabako hodi egileak prentsara igorritako ohar batean, baina aldi berean onartuta enpresak "lidergo berria" behar duela, "oraindik definitu ez diren merkatuaren ezaugarri berrien aurrean". 

Petrolioaren prezioaren beherakada handiak gogor astindu zuen Tubos Reunidos, hidrokarburoen industria baita bere hodien bezero nagusietako bat. Donald Trumpek Europako altzairu eta aluminio inportazioei jarritako %25eko muga zergak are gehiago zaildu du Amurrioko taldearen egoera, AEBetan baitu negozioaren zati esanguratsu bat, orain galtzen ari dena. Gauzak horrela, galera handiak izan ditu azken urteetan, eta 2018. urtea ere ez doakio ongi: 11,9 milioi euro galdu ditu lehen seihilekoan —iaz baino %11 gehiago—.

Emaitza txarrei aurre egin eta galerak txikitzeko, Tubos Reunidos berregituraketa prozesu batean dago, eta, horren barruan, Productos Tubulares Traparagango filialetik 157 langile kaleratzeko asmoa adierazi zuen apirilean. Langileek grebarekin  erantzun zuten, eta erregulazio espedientea atzera bota zuten Ulaziak eta haren taldeak. Edonola ere, PTko lantaldea txikitzeko asmoa du oraindik.

Ulaziaren eta sindikatuen arteko harremana oso tirabiratsua izan da. Joan den astean, PTko enpresa batzordeak Ulaziari egotzi zion konpainiaren kudeaketa "negargarria".

Gabiola, etxeko gizona

Tubos Reunidos ez da urrun joan Ulaziaren ordezkoaren bila. Etxeko gizon bat aurkitu du, Gabiola enpresako langilea baita 1986. urteaz geroztik. Administrazio kontseiluan sartu zen 1996an, eta organo horretako koordinatzaile izan da iaztik. Haren alboan, Carlos Lopez de las Heras arituko da, zuzendari nagusi gisa. Hura ere aspaldi sartu zen Amurrioko konpainian, 1999an.
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna