Ingurumena

Jaurlaritzak hidrokarburoak bilatzeko baimena eman du Bizkaian eta Gipuzkoan

Zundaketak eta ikerketak egiteko aukera eman die SHESA eta Petrichor Euskadi Cooperatief, UA, Sucursal en España enpresei, sei urteko eperako.

Fernando Solsona (Creative Commons BY SA)

Iñaki Petxarroman -

2018ko urriak 16

EAEko Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru lur eremutan, hidrokarburoak bilatzeko baimenak. Landarre, Lore eta Sustraia izena eman die baimen horiei. Laugarren batean, Lurra izenekoan, ez du baimendu bilaketarik egitea.

Jaurlaritzaren dekretuak zehaztu du nolakoak izan behar duten putzuak zulatzeko lanek, ahalik eta ingurumen kalterik txikiena egiteko. "Zulaketaren inguruan dagoen fauna babestuan eta ur-ibilguetan eragin nabarmenik ez egiteko ahalegina egingo da", adiera du, besteak beste. Horrez gain, lanak egin ostean landaretza berrezartzeko erabiliko diren espezieen osaera floristikoa ahalik eta gehien egokituko da gaur egun dagoen horretara, Jaurlaritzak aurreikusi duenez.

Bi enpresek honako baimen hauek izango dituzte: Lore baimena, 37.314 hektareakoa, Bizkaian kokatuta dago; Landarre izenekoa, berriz, Gipuzkoan dago eta 37.314 hektareakoa da. Handiena Sustraia izenekoa da (55.971 hektareakoa) eta bi herrialdeen artean dago kokatua.

Orain arte halako zundaketa lanak egin izan dituzte Araban. Gaiak zeresan handia eman du, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak iazko udan fracking-aren aurkako legea onartu zuelako. Aurtengo urtarrilean lege horren artikulu batzuk baliogabetu zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, baina Jaurlaritzak aipatu izan du bakarrik ohiko teknikak erabiliz, ez frackingez edo haustura hidraulikoz, ustiatu nahi dituela hidrokarburoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna