Literatura

Eider Rodriguezentzat haur eta gazte literaturako Euskadi saria ere

Urte berean idazle batek bi Euskadi sari jasotzen dituen lehen aldia da. Aurrez, Bihotz handiegia ipuin liburuagatik saritu dute.

Bi Euskadi sari jasoko ditu Eider Rodriguezek aurten. /
Bi Euskadi sari jasoko ditu Eider Rodriguezek aurten. / Juan Carlos Ruiz/Foku

Miren Garate -

2018ko urriak 17

Orain pare bat aste jakin zen Eider Rodriguezentzat izango zela euskarazko literaturako Euskadi saria, Bihotz handiegia ipuin liburuarengatik. Bada, idazleak beste sari bat ere jasoko du: haur eta gazte literaturakoa, Santa Familia lanagatik. Orain artean, idazle batek ez zituen inoiz bi Euskadi sari eskuratu urte berean. Pozik agertu da Rodriguez bera sari bikoitzarekin: "Arraro sentitzen naiz, baita apur bat errudun ere".

Gainerako sailetako irabazleen izenak ere jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Kepa Altonagarentzat izango da saiakerako saria, Patagoniara Hazparnen barrena lanagatik; eta Irene Aldasororentzat itzulpen arlokoa, Gailur Ekaiztsuak itzulpenagatik. Gaztelaniazko literaturan, Karmelo C. Iribarren izan da irabazlea, Mientras me alejo lanagatik.

Gustora gainerako saridunak ere. Iribarrenek aitortu du ezustean harrapatu duela epaimahaiaren erabakiak. "Ez nuen sari garrantzitsu hau espero. Urteak egin ahala ohartzen naiz olerkigintza ez dela sari asko jasotzen dituen generoa".

Aurretik iragarri zituzten beste saridun batzuk: Yolanda Mosquera Literatur ilustrazioan, eta Santos Zunzunegi gaztelaniazko saiakeran. Azaroaren 27an egingo dute sari banaketa ekitaldia Gasteizko Artiumen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna