IKASTOLAK

Nafarroa Oinez "inklusiboenaren" bidean jarri da Altsasu

Iñigo Aritza ikastolak antolatu du Nafarroako ikastolen festa, laugarrenez. Jendetza espero dute igande honetan.

Nafarroa Oinez jaia aurkeztu dute. Altsasun eging da, igandean. /
Nafarroa Oinez jaia aurkeztu dute. Altsasun eging da, igandean. / BERRIA

Ion Orzaiz -

2018ko urriak 17

Historiako lehen Nafarroa Oinez antolatu zuten Etxarri Aranazko eta Altsasuko ikastolek, 1981. urtean. Igande honetan, Sakanara itzuliko da Nafarroako ikastolen festa, Iñigo Aritza Ikastolak hartu baitu Nafarroa Oinez 2018 antolatzeko erronka. "Erronka handia ikastola txiki batendako: Iñigo Aritzak 370 ikasle baino ez ditu, eta Burundako lau herriei ematen die zerbitzua, Altsasu, Urdiain, Olazti eta Ziordia", azaldu du ikastolako lehendakari Eneida Carreñok, gaur goizean Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan egin duten aurkezpenean.

Aurtengo ibilbideak lau kilometro eta erdi ditu, eta antolatzaileek bereziki zaindu dute irisgarritasuna: "Ibilbideak ez du aparteko arazorik egiteko, aldapa gutxikoa baita. Txangoan, gainera, aukera dago inguruan oso ohikoak diren harizti eta pagadiak ikusteko. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek, gainera, badute beste aukera bat, gurpildun aulkian egiteko modukoa. Beste zirkuitu horren luzera txikiagoa da, baina, hala ere, gune guztietara iristen da. Koloretan adierazita daude ibilbide ezberdinak: irisgarritasun osokoa, irisgarritasun ertainekoa eta ororendako irisgarria ez dena".

Lau gunetan banatuta dago ibilbidea, Bizi, Kanta, Txio  eta Dantza, eta horietako bakoitzean jarduera askotarikoak eskainiko dituzte. Eneko Gartziandia ikastolako kideak eman du musika eskaintzaren berri: "Aipagarriak dira ondoko musika taldeak: Tximeleta, Zartako-k, Moonshine Wagon, Oihan Vega, Anita Paker, Demode Quartet, Amaren Alabak,  Trikiteens edota Gauargi, besteak beste. Bereziki azpimarratu nahi ditugu hurrenenez hurren katalaneraz eta galizieraz abestuko duten beste bi talde hauek: Xabi Sarria i el Cor de la Fera eta Ezetaerre".

Musikaz harago, baina, kirolari garrantzia berezia eman diote Iñigo Aritza ikastolako antolatzaileek. Esparru horretan, Erronka egitasmoa izanen da berritasun nagusia. Gartziandia: "Gunez gune egiten den lehiaketa da, eta Nafarroako ikastola guztietako taldeek parte hartzen dute kirol eta trebezia ardatz duten probatan". Robotika tailerra ere eskainiko dute igandeko festan. Bertan izena ematen duten haurrei robot bat programatzen erakutsiko diete.

Aurtengo Nafarroa Oinezen "erronka nagusia", baina, festa inklusibo bat egitea izan dela azpimarratu dute antolatzaileek. "Urte osoan egindako ekitaldi eta jarduera guztietan inklusibitatearen marka jartzen ahalegindu gara. Igandeko jaiari dagokionez, esan dugu ibilbideak ere kontuan hartzen dituela behar bereziak, baina ez hori bakarrik. Izan ere, eskaintzen ditugun zerbitzuak edota informazio panelak ere behar bereziak dituzten pertsonendako egokituta daude. Ildo horretan, azpimarratu nahi genuke eskaintza gastronomikoa, zeliako eta beganoendako menu berezituak eskainiko ditugun aldetik", azaldu du ikastolako zuzendari Ibai Iriartek.

Autoz eta trenez

Festa irisgarri egite aldera, trafiko plana ere ondu dute Nafarroa Oinezen arduradunek. "Altsasu bidegurutze batean kokaturik dago, A-1 eta A-10 autobideak batzen diren gunean eta Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa elkartzen diren tokian. Trafiko plana egokiturik dago lurralde horietako bakoitzetik etortzen diren ibilgailuak ahalik eta zirkuitutik gertuen aparkatzeko. Herri sarrera bakoitzean aparkalekuak ezarri dira horretarako. Gainera, Renfek indartu egin du ohiko zerbitzua, eta tren gehiago jarri ditu bai Irundik eta bai Iruñetik etorri ahal izateko".

Hain zuzen, Renfek jakinarazi du distantzia ertaineko tren bereziak jarriko dituela, "Nafarroako Ikastolen jaian parte hartu nahi duten guztien joan-etorria errazteko". Zehazki, 6.800 plaza gehigarri eskainiko dituzte. 

Trenak jarriko dituzte Iruñea, Donostia eta Gasteiztik, eta 1.200 plazako tren bat programatuko dute Irun (8:26) eta Donostiatik Altsasura: Lezo, Pasaia, Hernani, Andoain, Billabona-Zizurkil, Tolosa, Ordizia, Beasain, Zumarraga eta Legazpin geratuko da. Tutera eta Iruñetik Altsasura doazen ohiko trenez gain, Renfek bi zerbitzu gehigarri ere jarri ditu irteera gehiagorekin: Tuteratik 7:28an irtengo da eta Iruñetik 8:55ean eta 10:45ean.

Sexu erasoen aurkako protokoloa

Ikastolako zuzendariaren esanetan, azkenik, protokolo berezia prestatu dute, sexu erasoei aurre egiteko: "Portaera matxistak, eta, areago, erasoak, baztertu behar dira, eta horiei aurre egin behar zaie. Helburua da denok, emakumezkoak eta gizonezkoak, askatasun eta errespetu osoz gozatzea euskararen festaz". Horretarako, "puntu lilak" ezarriko dituzte ibilbide 2. eta 3. guneetan, eta erasoren bat pairatu dutenek aukera izanen dute puntu horietan egonen diren boluntarioen laguntza jasotzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna