Arkeologia

XVI. mendekoak izan daitezkeen bost olio-tina aurkitu dituzte Donostian

Parte zaharreko eraikin batean obrak egiten hasi direnean agertu dira. Zeramikazkoak dira bost treskak, eta bale-olioa biltzeko erabiltzen zirela uste dute Aranzadiko ikerlariek

San Lorenzo kalean aurkitutako tina.
San Lorenzo kalean aurkitutako tina. Gorka Rubio / Foku

Mikel Lizarralde -

2018ko urriak 17

San Lorenzo kaleko 4. zenbakiko auzo komunitateak  eraikinean igogailu bat jartzeko obrak egin nahi ditu, eta horretarako, beharrezkoa da zulo bat zabaltzea, 1,20 x 1,20 metrokoa gutxi gorabehera. Zulaketa proiektua Aranzadi Zientzia Elkarteko Alfredo Morazak idatzi zuen, erakunde hori hautatu baitzuen sustatzaileak izapide  arkeologikoa betetzeko. GFAk esku-hartzea baimendu zuen. Izan ere, ingurune arkeologikoa dago izendatua Donostiako Parte Zaharra, eta ondorioz, lur mugumendu guztiek diputazioak baiimendutako proiektu arkeologiko bati lotuak egon behar dute.

Joan den ostegunean, hilaren 11n, zuloa egiten hasi, eta zeramikazko tina handi bat aurkitu zuten. Astelehenean, berriz, ondoan beste lau dituela ikusi zuten. Morazak azaldu duenez, XVI. edo XVII. mendekoak lirateke tinak, eta bale-olioa biltzeko erabilko zituzten. 1,10 metro dira zabaleran, eta altueran 1,5 metro neurtzen dute. Morazak azaldu duenez, Ternuatik edo Andaluziatik (Espainia) ekarriko zuten olioa eta tina horietan gordeko zuten gero merkataritzara bideratzeko. Besteak beste, hiriaren argiterian erabiliko zela adierazi du Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak.

Morazak berak esan du begi bistan eta osorik dagoen tina izango dela bere lekutik mugituko duten tina bakarra. Handia izanik, hausteko arriskua dagoela ere adierazi du. Irungo Gordailura eramango dute. Gainerako tinak, berriz, dauden lekuan utziko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna