Zergak

Amatasun eta aitatasun laguntzek ez dute errenta zerga ordainduko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Azken lau urteetan ordaindutakoa itzuliko dute. Nafarroak ez du horretarako asmorik, bere legea desberdina dela argudiatzen baitu.

Ama talde bat beraien haurrei bularra ematen, Beasaingo Irrigarri elkartean. Artxiboko irudia. /
Ama talde bat beraien haurrei bularra ematen, Beasaingo Irrigarri elkartean. Artxiboko irudia. / Aimar Maiz/Goierriko Hitza

Iker Aranburu -

2018ko urriak 18

Zergak Koordinatzeko Organoa bildu dute gaur goizean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, amatasun laguntzekin zer egin erabakitzeko. Haren ondoren iragarri dute bete egingo dutela Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, eta, hortaz, amatasun eta aitasun laguntzek ez dutela errenta zergarik pagatu behar. Berez, epai hori Espainiako zerga sistemari dagokio, eta ez du zertan Hego Euskal Herrian eragin. Hala ere, diputazioek bere egitea erabaki dute.

Nafarroako Gobernuak, ordea, adierazi du bere legea desberdina dela, eta ziurtatu du ezin dituela itzuli azken urteetan amek jasotako laguntzen errenta atxikipenak. Nafarroan, 2012tik dago indarrean amatasun laguntzei errenta zerga atxikitzea. UPNk, PPk eta PSNk onartu zuten lege hori, eta alderdi horiek ari dira orain eskatzen Uxue Barkosen gobernuari atxikipenak itzultzeko. Horren ordez, atxikipenei zerga kenkariak ezartzeko legegaia jarri du abian lauko gobernuak.

Hiru diputazioek 2019ko aurrekontuen proiektuan txertatuko dute amatasun eta aitatasun laguntzak errenta zergatik salbuesteko agindua. Urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, batzar nagusietan aurrera eginez gero. Ez lukete arazorik izan behar.

Oraindik irmoak ez diren errenta aitorpenetan gurasoek ordaindutako laguntzen errenta zergak itzultzeko eskaera eredu bat indarrean jarriko dute foru ogasunek. Printzipioz, 2014tik 2017ra arteko aitorpenentzat balioko du. Aurten laguntza horietan egindako atxikipenak datorren udaberrian egingo den errenta kanpainan itzuliko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna