Ingurumena

Pinudiak fumigatzea babestu du Bizkaiak, nahiz eta oposizioaren eta ekologisten kritikak jaso

Bideoa: urarekin hasi dira probak egiten, Elorrion (Bizkaia).

inaki petxarroman
2018ko urriaren 18a
07:22
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek eskatu diote Espainiako Gobernuari banda marroia eta banda gorria gaitzek jotako pinudiak oxido kuprosoz fumigatzeko behar den baimen berezia. Izan ere, EAEko erakundeek Madrilen oniritzia behar dute horretarako. Balizko tratamendu horrek, baina, zalantza eta kritika ugari eragin ditu, pinudietan ez ezik, inguruko landareetan, animalietan eta pertsonengan eragin dezakeelako.

Batzar Nagusietan gaur goizean egindako eztabaidan, Elena Unzueta Bizkaiko Natur Inguruneko eta Iraunkortasuneko diputatuak fumigatzea babestu du, erabili den beste herrialde batzuetan "emaitza onak" eman dituelako. Euren kezka azaldu dute EH Bilduk eta Ahal Duguk. Mikel Kormezana koalizio abertzaleko batzarkideak zalantzan jarri du neurri hori legeztatuko ote duten, eduki dezakeen "toxikotasunagatik". Josean Elgezabal Ahal Dugukoa areago joan da: "Legez kanpokoa ere izan daiteke", eta gaineratu du: "mendiak eta ibaiak pozoitzea ezin irtenbide txarragoa da eta sutan gasolioa botatzea bezalako zerbait da".

Diputatuak ziurtatu du ez dutela baimenduko "kaltegarria" izan daitekeen ezer eta lasai egoteko eskatu die herritarrei. Alde horretatik, tratamendua udaberrian hasteko asmoa daukate, garai egokiena huraxe delakoan.

Ekologisten kritikak

Ekologisten lehen kritikak ere heldu zaizkio balizko fumigatzeari. Naturkon taldeak kezka azaldu du jakin duelako oxido kuprosoz fumigatzeko baimen bereziak tramitatzen hasi direla. "Abiadura horiekin airez zabaltzen den produktua nora joango den ezin denez kontrolatu, Europako Batasunean airezko tratamendu fitosanitarioak debekatuta daude, oso kasu bereziak izan ezik". Naturkonek ohartarazi du oxido kuprosoa arnastea "toxikoa" dela eta azalari eta bronkioei "narritagarri" zaiela, ukituz gero. "Uretako faunarentzat, gainera, arras toxikoa izateagatik, administrazioak berak tratamendu hauetan 50 metroko segurtasun muga errespetatzea exijitzen du". Gauzak horrela, galdera egin du Naturkonek: "Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak eta edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira?".

BERRIAk jakin duenez, kezka bada basozainen artean ere, administrazioaren aldetik oraindik jaso ez duten arren dituzten asmoen informazio ofizialik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.