MTV Bilbon

Berri Txarrak-ek MTVren jaialdian eskainiko duen kontzertuak eztabaida piztu du sare sozialetan

Alde ala kontra, erabiltzaile ugarik izan dute hizpide Berri Txarrak taldeak MTVren jaialdian joko duela. Batzuk atsekabetuta agertu dira, beste batzuk nazioartean ezagunago egiteko aukera baliatzera animatu dute taldea.

Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarra jolea, aurtengo Iruñeko sanferminetan taldeak jo zuen kontzertuan. /
Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarra jolea, aurtengo Iruñeko sanferminetan taldeak jo zuen kontzertuan. / Idoia Zabaleta/Foku

Berria -

2018ko urriak 19

Bilboko San Mames estadioan joko du Berri Txarrak-ek azaroaren 3an, Muse eta Chrystal Fighters taldeekin batera, MTVren EMA Europako sarien ekitaldi bezperako jaialdian. Erabakiak eztabaida sortu du Euskal Herriko talde ezagaunenetakoaren zaleen artean.

Batzuen ustez, taldearentzat kontraesan handiegia da MTVk antolatzen duen jaialdian parte hartzea, Berri Txarrak taldeak bere kantuen hitzetan defendatzen dituen balioak musika kate erraldoiak bultzatzen duen gizarte ereduaren kontrakoak direla iritzita. Hori dela eta, zenbait zale atsekabetuta agertu dira taldearen erabakiarekin.

Beste zale batzuk azalpenak eskatu dizkiote taldeari, MTVren jaialdian parte hartzeko erabakia ulertu nahian.

Kontrakoen artean, bere iritzia musika bidez adierazi nahi izan dute zenbaitek. Piztu Bilbo, itzali MTV egitasmoaren kantarekin erantzun duenik bada. Negu Gorriak taldearen MTV antenatik at ekarri dute gogora beste batzuk.

Berri Txarrak-ek Bilbon eskainiko duen kontzertuarekin poztu egin dira, aldiz, beste zenbait zale, eta beraien musika eta hitzak nazioartean zabaltzeko aukera baliatzera animatu dute taldea.

Taldeari bere balioak baztertzea leporatu diotenei erantzunez, Berri Txarrak-ek bere ibilbidean erakutsi duen jarrera ekarri du gogora zale batek, eta beste talde batzuk ere antzeko erabakiak hartu dituztela argudiatu du Twitterreko hari batean.

Kontzertuaren berri eman baino bi ordu lehenago, Berri Txarrak-ek argazki esanguratsua argitaratu du bere Twitter kontuan.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna