Basogintza

Pinuak kobre oxidoarekin fumigatzea "ingurumenaren kontrako atentatua" dela dio Ekologistak Martxanek

Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko urriaren 19a
15:03
Entzun

Euskal Herriko intsinis pinuek duten xingola marroiaren gaixotasunari aurre egiteko, kaltetutako baso eremuak kobre oxidoarekin fumigatzeko asmoa agertu du Eusko Jaurlaritzak. Tratamendua 2019ko udaberrian egitea da aurreikuspena,  eta 40.000 hektarea baino gehiagoko azalerari ezarriko lioke. Neurri hori, ordea, "ingurumenaren kontrako atentatua" dela ohartarazi du Ekologista Martxan elkarteak. Haren esanetan, erabaki "zentzugabea" da.

Elkarteak ohar bidez adierazi duenez, Jaurlaritzaren planak "ez du arazoaren jatorria konponduko". Aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako "mendi eta erreken aurrez pentsatutako erahilketa" gauzatuko du.

Ekologistak Martxanek nabarmendu du kobre oxidoa espektro orokorreko biozida gisa sailkatutako gai kimikoa dela, egurra babesteko erabili ohi dena. Azaldu duenez, Europako Batasunaren "REACH 2015/830 araudiaren arabera, oso toxikoa da uretan bizi diren izakientzako eta arrisku larri eta kronikoa ingurumenarentzako".

Hori dela eta, gaia ingurumenean ez askatzea gomendatzen dela adierazi du elkarte ekologistak. Isurtzekotan, "lurrazaleko eta lurrazpiko uretatik urrun mantentzea eta garbiketarako erabili den ur kutsatua deuseztea" aholkatzen dela ere gogorarazi du.

Eusko Jaurlaritzaren plana gomendio horien kontrakoa dela salatu du Ekologistak Martxanek. Haren esanetan, fumigazioak mendi eta erreka eremu zabalei eragingo die, karbono oxidoaren hedatze orokorrari bide emanez. "Neurri selektiboa ez denez, ez ditu ekosistemak bereiziko, eta fumigatutako esparruetako akuifero eta errekak kutsatuko ditu, bertan bizi diren izaki guztiak kaltetuz, izan pertsona, animali edo zuhitz osasuntsu edo gaixo".

Fumigazioaren kaltea "konponezina" izango denaren beldur da Ekologistak Martxan; bereziki, errekentzat. Elkartea Ura agentziari zuzendu zaio eta eskatu dio argitu dezala "Eusko Jaurlaritzaren eta egur industriaren interesetara makurtuko den ala interes orokorra eta ingurumena defendatuko dituen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.