martxelo otamendi

Bigurutzeduna ezkutatzeko eguna

2018ko urriaren 20a
17:05
Entzun

Gaur, larunbata, Londresko erdigunean Erresuma Batuko banderak ikusteko, egoitza ofizialetako eraikinetako balkoi eta teilatuetara begiratu beharra zegoen edo, bestela, Oxford Streeteko turista dendetara joan beharra zegoen. Ez zen egunik aproposena biguretzedunarekin kalera ateratzeko, ez behintzat brexit-ari buruzko bigarren erreferenduma egin dadin eskatzeko 700.000 lagun bildu dituen manifestazioa iragan den kaleetan.

Europako bandera kaleratzeko beharra sentitu dute gaur kontinentetik Mantxako kanalean laino itxia dagoenean bakarrik isolatuta bizi nahi duten britaniar askok. Europakoa izan da askogatik gaur gehien ikusi den bandera, edo, bestela, hondo urdina eta izar horiak zeuzkan edozer euskarri. Eskozian eta Ipar Irlandan brexit-aren aukakoek irabazi zuten arren, nazio horietako bandera gutxi ikusi dira, eskoziar batzuk eta batere ez ondoko uhartetik etorritakorik. Gaur bere burua britaniar daukatenen eguna zen. Manifestazioak alderdi guztietako parlamentarien babesa zeukan, eta denon buruzagi Alderdi Laboristan gero eta oihartzun handiagoa daukana: Sadiq Khan, Londreseko alkatea. Sindikatuak eta era guztietako erakundeek bat egin dute asteotan deialdiarekin.

Lehenengo erreferenduma egin zenean, Europako Batasunetik irtetearen aldekoek %51,90ekin irabazi zuten. Galtzaileek, ezin bestela izan, onartu egiten dute emaitza, baina argudiatzen dute brexit-aren aldeko botoa eman zuten askok ez zituztela aurreikusten edukiko zituen ondorioak. Hori argudiatuta deitu zituzten herritarrak gaurko manifestaziora, People’s Vote leloarekin (Herritarren Botoa), ondorio gogorrak ikusitakoan herritar askori bigarren aukera eman behar dietela eskatuz. Irteera hori proposatzen dutenetan baikorrenak direnek aurreratu dute brexit-aren aurkako botoa  % 48,10etik %60ra igoko dela. 

Ondo ateratzen ari zaio Bruselari brexit gogorrarekin mehatxuaren bidez May lehen ministroari egiten ari zaion pintza: Brusela alde batetik, eta herritar britaniar asko beste aldetik. Zenbat eta gogorrago irudikatu brexit-aren ondorioak, orduan eta gehiago dira Europarekin eten nahi ez duten britaniarrak. Eta horrek, gaurko manifestazioaren antolatzaileen arabera, irtenbide bakarra dauka. Bigarren erreferenduma egitea, Bruselak begi onez ikusten duen irtenbidea.

Pozik zegoen Khan alkatea manifestazioaren arrakastarekin bukaeran Westminster aurrean egin duen mintzaldian. Manifestazioaren aurreko egunetan ahalegina egin du Khan alkateak gazteei ikusarazteko zenbaterainoko kalteak ekarriko dizkien brexit-ak, eta erregutu egin die manifestaziora joateko. Aurreneko ilaretan zeuden 10.000 gazte antolatuez gain, gazte gutxik hartu dute parte manifestazioan. 

Westminsterrerako bidean Churchillen estatuaren ondotik pasatu direnei ondo letorkieke jakitea zer esan zuen behinola haiei begira batere keinurik egin gabe egon den kapeladun burdinazkoak: “Baikorra naiz, ez dauka zentzurik besterik izateak”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.