Nafarroa Oinez

Nafarroa Oinez-en antolatzaileak "pozik" agertu dira izan duten erantzunarekin

Nafarroa Oinez 2018 jaia Altsasun ospatu dute, "inklusibotasuna" erdigunean jarrita. Eguraldia lagun izan dute, eta festa jendetsua izan da. Antolatzaileek esan dute "zoragarria" izan dela eguna. Tuterak hartuko du Altsasuren lekukoa. 19 urteko ikasle ohi baten heriotzak laztu zuen ospakizuna.

Berria -

2018ko urriak 22

Gustura agertu dira Eneko Aritza ikastolako arduradunak Altsasun antolatu duten Nafarroa Oinez-ek izan duen erantzunarekin. Foruzaingoaren arabera, 40.000 lagun bildu dira ikastolen aldeko jaian. Ikastolakoek adierazi dute "beteta" egon direla ibilbidea eta festako guneak: "Jende andana izan da". Atzo bildutako dirua ikastolako eraikinik zaharrenaren "oinarrizko beharretara" bideratuko da. Teilatua konpontzera eta berogailuak berritzera, besteak beste.

Bizi leloa aukeratu dute aurten Nafarroa Oinez festarako. Festa inklusiboa egitea izan da aurtengo erronka nagusietako bat, antolatzaileen esanetan, eta hainbat alderdiri garrantzia eman diote horretarako. Ibilbideak, esaterako, lau kilometro eta erdi ditu, eta antolatzaileek bereziki zaindu dute irisgarritasuna. Zerbitzuak eta informazio panelak ere egokitu dituzte behar bereziak dituztenentzat, eta janari beganoa ere eskainiko dute menuan.

10:00etan ekin diote festari, irekiera ekitaldiarekin. Han izan dira, besteak beste, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu, Nafarroako lehendakari Uxue Barkos, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez, Altsasuko alkate Javier Ollo, Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako sailburuorde Miren Dobaran. Alderdien ordezkaritza ere zabala izan da: EAJko, EH Bilduko, Geroa Baiko, PSNko, Ezkerrako, EAko eta Sortuko ordezkariek hartu dute parte.

Barkosek nabarmendu du "euskararen inguruko mamuak" uxatzeko garaia dela, "euskarak zatiketa eta banaketa sustatzen duela dioen mamua" uxatzekoa.

Hasierako ekitaldian, gogoan izan dute Urdiainen —Altsasu ondoan dago— auto istripuz hildako gaztea; Eneko Aritza ikastolako ikaslea zen. Preso dituzten Altsasuko gazteak ere oroitu dituzte. Paelleroek izan dute zinta mozteko ohorea: Tere Irigoienek eta Juan Manuel Galarzak. 2005etik, Nafarroa Oinez-en ekitaldi guztietan aritu dira paella prestatzen. Zinta moztu ondoren, Altsasuko momorrotxoak ere aritu dira jendea zirikatu eta giroa berotzen.

Lau gunetan banatuta dago ibilbidea, Bizi, Kanta, Txio eta Dantza, eta horietako bakoitzean jarduera askotarikoak eskainiko dituzte. Eneko Gartziandia ikastolako kideak eman du musika eskaintzaren berri: "Aipagarriak dira ondoko musika taldeak: Tximeleta, Zartako-k, Moonshine Wagon, Oihan Vega, Anita Paker, Demode Quartet, Amaren Alabak, Trikiteens edota Gauargi, besteak beste. Bereziki azpimarratu nahi ditugu hurrenenez hurren katalanez eta galizieraz abestuko duten beste bi talde hauek: Xabi Sarria i el Cor de la Fera eta Ezetaerre".

Ikastolako langileei omenaldia

Iortia kultur etxean ere egin dute beste ekitaldi bat, Eneko Aritza Ikastolako langile eta langile ohiak omentzeko. Haien guztien izenean, Sonia Lizarragak hartu du hitza, eskerrak emateko: "Gogotsu eta ilusioz ari gara esparru desberdinetan, Iñigo Aritzak aurrera egin dezan. Gustura eta harro gaude Iñigo Aritzako kide izan eta garelako”. 40 urte bete ditu aurten Altsasuko ikastolak. 370 ikasle ditu gaur egun, eta Burundako lau herriei ematen die zerbitzua: Altsasu, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia. 

Amaitzeko, eskuz aldatu dute Nafarroa Oinez-en lekukoa. Tuterako Argia ikastolako zuzendari Argiñe Korta eta Maru Erizen presidenteak hartu dute, hantxe egingo baita 2019ko Nafarroa Oinez.

Sexu erasoen aurkako protokoloa

Protokolo berezi bat ere prestatu dute, sexu erasoei aurre egiteko: “puntu lilak" ezarriko dituzte ibilbideko 2. eta 3. guneetan, eta erasoren bat pairatu dutenek aukera izanen dute puntu horietan egonen diren boluntarioen laguntza jasotzeko.

Argazki galeria

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna