Ibarretxe: "Espainiak gezurra esan digu denoi"

Euskadi eta Katalunia. Bi bide eta patu bat: independentzia izeneko solasaldian hartu du parte Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Juan Jose Ibarretxek, Independentistak sareko Txutxi Ariznabarretarekin batera. Lledonerseko espetxe atarian igandero egin ohi duten elkarretaratzean ere hitz egin du Independentisten bozeramaileak.

Ariznabarreta, Morales eta Ibarretxe, atzo, Katalunian.
Ariznabarreta, Morales eta Ibarretxe, atzo, Katalunian. Independentistak

Hodei Iruretagoiena -

2018ko urriak 21

Larunbatean hitzaldi bat eman zuten Ibarretxek eta Ariznabarretak Sant Vicenç de Castellet herrian —Manresa (Katalunia) ondoan dago—. Aida Morales kazetaria aritu zen moderatzaile lanetan, ANC Kataluniako Asanblea Nazionalak, Omnium ekarteak eta Castelleteko erabakitze eskubidearen aldeko plataformak antolatuta. Goraino bete zen aretoa, eta "afari horia" delako izan zuten gero 350 lagun inguruk.

"Espainiak gezurra esan digu denoi", adierazi zuen Ibarretxek: "Euskaldunoi esan zigun ETA gabe dena posible zela". Katalanekin ere "promesak" hautsi dituztela salatu zuen, Madrilen 2010ean murriztutako estatutua eta iazko urriaren 1eko erreferenduma adibide jarrita. "Ez dugu erabakitzeko eskubidea defendatu behar, jada badagokigun eskubide bat da eta".

Ibarretxek azaldu zuen Kataluniako alderdi subiranistek herritarren mezua entzun beharko luketela orain independentzia eskuratzeko, eta, haren arabera, herritarrek "batasuna" izateko eskatzen diete. Uste egitasmoak gizartean %70 inguruko babesa duenean, geldiezina izango dela. 

Aitortu zuen "independentzia lortzeko bidean Euskal Herria baino urrats bat aurrerago" doala katalan herria, eta katalan gizartearen jokabide baketsua "eredu bat" dela euskal subiranistentzat. Bera Jaurlaritzako lehendakari zenean, "lidergoa instituzionala zen", eta onartu du ez zutela erdietsi "gizartea lotzea" egitasmora. 

Ariznabarretak "estrategia bateratua" aldarrikatu zuen Espainiako Estatuari aurre egiteko: "Estatu autoritario eta aurredemokratikoa da, beharrezkoa du ustelkeria bere burua elikatzeko". Uste du denbora kontua dela Kataluniak independentzia lortzea. "Kataluniari laguntzeko onena, Euskal Herrian prozesu independentista abiatzea da".

Lledonersko espetxe atarian

Lledonerseko espetxe atarirano ere eraman dute Independentistak sareko kideek preso eta iheslari katalanenganako elkartasuna. Sant Joan de Villatorrada herrian dago kartzela hori, eta igandero egin ohi dute protesta. Herri horretako alkatea bera ibili da antolakuntza lanetan: Jordi Pesarrodona. Bezperan hitzaldi bat zuela baliatuta, han izan da gaur Txutxi Ariznabarreta Independentisten bozeramailea, ehunka lagunen aurrean. "Aukera eman didate hitz egiteko, eta gure mezua zabaldu dugu: elkartasun eta konplizitate osoa Kataluniako herriari, eta bereziki, besarkada handi-handi bat presoei eta exilituei, eta horien senide eta lagunei", azaldu dio Ariznabarretak BERRIAri.

"Konplizitate giroa" nabarmendu du Independentistak sareko kideak: "Euskal Herrian asko dakigu kartzelaz, baina konturatzen gara hemen ere azkar ikasi dutela. Ikustekoa da igandero nolako babesa adierazten duten".

 

Euskal Herriko esperientzia gogoan, babes hori zein garrantzitsua den azpimarratu du Ariznabarretak, espetxe aurrean egindako hitzaldian: "Horrek mantentzen du herriaren batasuna. Gakoa da hemen proces delakoa herriak jarri zuela martxan, eta herria dela motorra eta bermea aurrera begira. Gakoa da mugimendu horren batasuna, eta ikusten dugu Katalauniak prozesua atzeraezin egiteko langa gainditua duela, eta ezinbestez lortuko duela independentzia". Horretarako, "herriaren indarra eta batasuna" ezinbesteko direla esan du.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna