TORTURA

Torturekin lotutako "gutxienez" ehun bat poliziak mantentzen dituzte dominak, EH Bilduren arabera

Koalizioak txosten batean zerrendatu ditu Espainiako Estatuak Frankismoaz geroztik saritu dituen torturatzaileak.

EH Bilduren txostenaren aurkezpena, Donostian.
EH Bilduren txostenaren aurkezpena, Donostian. / EH Bildu

Jon O. Urain -

2018ko urriak 22

EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak agerraldi bat egin du Donostian, zenbait torturaturekin eta torturak jasandakoen senideekin. Han izan dira Axun Lasa Joxean Lasaren arreba, Maribi Arregi Joxe Arregiren arreba, Idoia Zabalza Mikel Zabalzaren arreba eta Jon Etxabe, Elixabete Nosellas, Mikel Arrizabalaga eta Josu Arrizabalaga torturatuak.

Beitialarrangoitiaren arabera, "giza eskubideen urraketa larriekin lotutako gutxienez ehun polizia inguruk jaso zituzten kondekorazioei eusten diete" gaur-gaurkoz. Era berean, koalizio subiranistak "frogatutzat" jo du tortura "praktika ohiko" bilakatu dela denbora luzez, "jardun arrunta", eta Espainiako Estatuak "inpunitate osoz" erantzun diola "inplikatutako agente oro babestuz, bai frankismo garaian eta bai ondorengo urteetan”.

Espainiako Estatuak torturen aurrean izandako prozedura "kondekorazioa, indultua eta goi karguetara mugitzea" izan dela salatu du Beitialarrangoitiak: "Lanetik eta zeuzkan erantzukizunetatik baztertu ordez, zigorgabetasun osoa eskaintzea eta kargu hobeagoetara aldatzea izan da kolore politiko ezberdinetako gobernuen jardun nagusia azken urteotan".

Adibide gisara aipatu du Sebastian Sotos Garciaren kasua: "Bost aldiz saritu du Estatuak, Jose Mari Larretxea Goñiren bahiketa saiakeran parte hartzea leporatuta. Gobernuburu guztiek saritu zuten gerora: Gonzalezek, Aznarrek, Zapaterok eta Rajoyk".

Pedro Sanchezen gobernuari mintzatu zaio Beitialarrangoitia, kezkatuta: “Ez dugu oso argi zein den Gobernuaren benetako asmoa, eta galdetzea derrigorrezkoa zaigu. Tortura ukatzeari, zigortutako torturatzaile apurrak indultatzeari eta goi karguetara iristeko bide emateari utziko al dio behingoz torturaren errealitatea aitortzen hasteko?". Erantsi duenez, biktima guztiek merezi dute "egia, justizia, aitorpena, erreparazioa, eta ez errepikatzeko bermeak; gizarte osoak behar dugu etorkizuneko elkarbizitzak oinarri sendoak izan ditzan".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna