EUSKAL PRESOAK

Estrasburgok ontzat jo du Espainiak kontuan ez hartu izana Frantziako zigorrak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaileek erabaki dute Espainiak ez duela urratu askatasunerako eskubidea eta indarrean dagoen araudirik gabe zigortua ez izateko eskubidea.

Michel Christen

Jon O. Urain -

2018ko urriak 23

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6.1 artikulua urratu duela; hots, bidezko prozesu judizial bat izateko eskubidea urratu duela. Ez, ordea, 5.1 eta 7. artikuluak; askatasunerako eskubideari eta indarrean dagoen araudirik gabe zigortua ez izateko eskubideari buruzkoak. Erabaki horrekin, epaileek, auziaren mamian, Ontzat jo dute Espainiak kontuan ez hartu izana presoek Frantzian betetako espetxe urteak.

Magistratuek ohar bat egin dute, halere: ez dela euren eginkizuna zehaztea Europak 2008an zigorrak batzeaz emandako zuzentaraua zuzen txertatu ote zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Auzitegiak bereizi egin ditu zigorrak metatzeari buruzko auzia eta Parot doktrina, eta nabarmendu du "kausalitate harremana" dagoela zigorren eta espetxealdiaren artean: "Gorteak uste du eskatzaileen zigorrak eman zirenean eta ondoren, eskatzaileek galdegin zutenean Frantzian betetako zigorrak batzeko, Espainiako zuzenbideak ez zuela aurreikusten Frantzian betetako zigorrak aintzat hartuko zirenik".

Urratutako artikuluari dagokionez, epaileek uste dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, presoen babes helegitea tramitera ere ez onartuta, presoek bidezko prozedura judizial bat izateko eskubidea urratu zuela auzitegiak. Zazpi epailek hartu dute erabakia. Tartean da Maria Elosegi donostiarra.

Haizea Ziluaga eta Iker Urbina abokatuek agerraldi bat egin dute epaia argitaratu eta ordu eta erdira, Donostian.  Estrasburgoren ebazpenak Espainiaren "lege aplikazio maltzurra" babestu duela salatu dute, eta Espainiari eskatu diote legea erreformatzeko.

Hiru kasu zituen mahai gainean Giza Eskubideen auzitegiak —Santiago Arrospide Sarasola, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika Garmendiarenak—. Estrasburgoko auzitegiek aho batez hartu dute erabakia. Espainiak 2.000 euro pagatu beharko dizkio Arrozpideri, eta 1.000 euro Plazaolari eta Mujikari.

Legea, sei urteko atzerapenarekin

Auziaren muinean Europako Batzordearen 2008/675 zuzentaraua dago. Europak 2008an onartu zuen esparru arau horren arabera, herritar batek herrialde batean espetxe zigor bat bete badu, urte horiek kendu behar zaizkio antzeko delitu batengatik beste herrialde batean jarritako zigorrari. Euskal presoen kasuan, Frantzian betetako kartzela urteak gutxitu beharko litzaizkieke ondoren Espainian ezarritako zigorrei. Horrek hainbat urte murriztuko lituzke espetxealdiak.

Europak hartutako esparru erabakiak derrigorrez bete beharrekoak dira Europako Batasuna osatzen duten estatu guztientzat. Kasu honetan, ezarritako irizpidea betetzeko epea ezarri zuen: 2010eko abuztuaren 15a. Ordurako, estatu bakoitzak bere legean txertatu behar zuen araua.

Espainiak, ordea, ez zuen txertatu 2014ra arte; epemuga igaro eta sei urtera. Hainbat baldintza eta murrizketarekin egin zuen euskal presoen kasuan, praktikan, aukera hori baliatzea ukatuta. PPk egindako moldaketa batzuen ondorioz onartutako arauak zehazten zuen onura ez zitzaiela ezarriko 2010eko abuztuaren 15a baino lehen zigorra jaso zutenei. Hau da, Europako arauak legean jasoa behar zuen eguna baino lehen zigortutakoak onuretatik kanpo geldituko zirela jaso zuen Espainiak legean. Horrek esan nahi zuen euskal preso gehienei ukatu zietela zigorrak batzeko aukera.

Gaur BERRIAn argitaratutako elkarrizketan, presoen aldeko epaia espero zuen Brian Currin abokatuak: "Oinarrizko printzipio legala da zigor bat betetzen ari den preso bati ezin zaiola zigorra errepikatu jurisdikzioz aldatzean. Nire ustez, hori egitea printzipio horren urraketa argia litzateke. Asko harrituko ninduke auzitegiak zigorra errepikatzea onartuko balu".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna