'De Miguel auzia'

Larrañagaren esanetan, Gazteria zuzendaritzarena da De Migueli emandako kontratuen ardura

Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria sailburuorde ohiak adierazi du Gazteria zuzendaritzarena zela Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei adjudikaturiko kontratuen betetzea eta haren gaineko jarraipena eta kontrola egiteko ardura.

'De Miguel auziko' epaiketako irudia. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko urriaren 24a
07:26
Entzun

Eusko Jaurlaritzako goi kargu batek deklaratu du De Miguel auziko epaiketaren gaurko saioan. Gurutz Larrañaga Juan Jose Ibarretxeren gobernuan Kultura eta Gazteria sailburuorde izan zenak fiskaltzaren eta abokatuen galderei erantzun die. Fiskaltzak 17 urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzako, Alfredo De Miguel EAJko buruzagi ohiak ustez gidatzen zuen enpresa sare ustelari mesede egitea leporatuta. Larrañagak ukatu egin ditu leporatzen zaizkion ardurak.

Kultura eta Gazteria sailak De Miguelen ustezko sare ustelari esleitutako hogei kontratu ingururi buruz galdetu dio fiskalak Larrañagari. 2006 eta 2009 urteen artean Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei zuzenean esleitutako kontratuak dira, eta kasu gehienetan ez dago kontratuan jasotakoa bete denaren frogarik.

Larrañagak adierazi du bera "orri soil bat" sinatzera mugatzen zela, kontratuan jasotzen zen gastua baimentzeko, eta hori prozedimendu osoaren hasiera besterik ez zela. Sailburuorde ohiak gaineratu du kontratuaren proposamena, enpresen hautaketa eta hitzartutakoaren jarraipen eta kontrola Gazteria zuzendaritzaren ardura zela. Sailburuordetzak eta haren menpeko lau zuzendaritzek era horretan lan egiten zuten, Larrañagaren esanetan. Berak prozedura horrekiko eta lantaldearekiko konfiantza zuela nabarmendu du.

Javier Sanchez Robles zen orduan Gazteria zuzendaria eta harentzako 18 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak, De Miguelen ustezko sare ustelari mesede egitea leporatuta.

Gaurko saioan deklaratu du Sergio Fernandez Oleaga Stoa enpresako administratzaileak ere. Fiskaltzak 12 urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat. Fiskaltzaren arabera, Stoak 3.570 euroko komisioa ordaindu zion De Miguelen ustezko sare ustelaren ardatz zen Kataia enpresari, kontratu publiko bat eskuratzearen truke. Arabako Parke Teknologikoan lan topografiko bat egiteko 2009an jaso zuen kontratua lortzeko, hain zuzen.

Kontratu horretan, Ainhoa Alberdi abokatuaren enpresa zegoen azpikontratatuta arlo juridikorako. Alberdiren salaketa izan da De Miguel auziaren epaiketarako abiapuntu eta oinarria.

Alberdik epaiketan adierazi duenez, Oleagak De Miguel izan zuen "aitabitxi" Arabako Parke Teknologikoko kontratua lortzeko. Abokatuak salatu du De Miguelek kontratutik kanporatu zuela bera, "mendeku" gisa, lanaren truke komisio bat ordaintzea onartu ez zuelako.

Oleagak ezeztatu egin du Alberdiren bertsioa. Ziurtatu du berak erabaki zuela Alberdi kontratutik kanpo uztea, abokatuak eskatzen zituen "baldintza ekonomikoen gaineko adostasun faltarengatik". Azaldu duenez, Alberdik "ez zuen bere soldata murriztu nahi izan".

Stoak 2009an eskuratu zuen kontratuak indarrean jarraitzen du. Enpresa Arabako Parke Teknologikoan ari da lanean, Gasteizko Udalaren esanetan, esleipena "legezkoa" delako. Udalak adierazi du epaiketan "irregulartasunen bat" frogatzen bada, kontratua eten egingo duela. Gasteizko Udala Arabako Parke Teknologikoko kontseiluko kide da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.