Etiopia

Emakume bat izendatu dute Etiopiako presidente, Afrikako bakarra une honetan

Sahle-Work Zewde Etiopiako presidentetza hartzen duen lehen emakumea da.

Sahle-Work Zewde NBEko ordezkari zenean, 2015ean, Frantzisko aita santuak Nairobira egin zuen bisita batean. DANIEL IRUNGU, EFE
jon ordonez garmendia
2018ko urriaren 25a
12:31
Entzun

Izendapen historiko bat izan da. Etiopiako historian lehen aldiz emakume bat izendatu dute presidente. Sahle-Work Zewde du izena, eta, orain arte, NBEren enbaxadore zen Afrikako Batasunean. Mulatu Teshome Wirtu orain arteko presidenteak, ordea, dimisioa aurkeztu zuen atzo, eta biharamunean Zewdek hartu du lekukoa. Etiopiako presidentetza hartzen duen lehen emakumea izateaz gain, Afrika osoan kargu horretan une honetan dagoen emakumezko bakarra ere izango da.

Diplomazialaria da Zewde, eta Hezkuntza Ministerioko harreman publikoetako arduradun gisara hasi zuen bere ibilbidea. Gero, Etiopiako enbaxadore izan da Senegalen, Malin, Cabo Verden, Ginea-Bisasaun, Ganbian, Djibutin eta Ginean. 2002an, Unescoren enbaxadore izan zen Frantzian. Montpellierko Unibertsitatean Natur Zientzietan graduatu zen. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren albokoa izan da Afrikako Batasunarekiko harremanetan, eta NBEren ordezkari ere bai Afrikako Batasunean bertan.

1995ean konstituzioa onartu eta alderdi politikoen sistema ezarri zenetik Etiopiak duen laugarren presidentea da Zewde. Gaur goizean, Etiopiako bi ganberek saio bateratu bat egin dute, eta Mulaturen dimisioa onartu. Zewde izendatu dute presidente. Mulatuk atzo aurkeztu zuen dimisioa, eta oraindik ez du argitu zergatik. 2013ko urriaren 7an hartu zuen horrek kargua, eta beste urtebete geratzen zitzaion agintaldia amaitu arte.

Herrialde horretan, lehen ministroak eta parlamentuak dituzte botere gehienak, baina, botere eragilerik ez izan arren, presidente karguak balio sinboliko handia du. Abii Ahmed da lehen ministroa. Apirilean hartu zuen kargua, eta hainbat aldaketa bultzatu ditu, eta Eritrearekin bakea sinatu du. Horrek mugak berriro irekitzea ekarri du. Gainera, duela gutxi lehen ministroak gobernu parekide bat izendatu zuen, eta emakume bana jarri du Bake eta Defentsa ministerioen buru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.