Euskara

"Erantzukizunez" euskararen lege berria egiteko eskatu diote Nafarroako Parlamentuari

Milaka lagunek bat egin dute Kontseiluak deitutako manifestazioarekin. Zonifikazioa kentzeko eta euskara Nafarroa osoan ofizial egiteko eskatu diete aldaketaren aldeko indarrei: "Ausart jokatu, erakutsi aurrekoetatik desberdin jokatzen duzuela".

Euskararen ofizialtasunaren alde Kontseiluak deitutako manifestazioa, gaur, Iruñean. IñIGO URIZ, FOKU
Ion Orzaiz.
2018ko urriaren 27a
07:36
Entzun

Hiru zutabetan antolatuta egin dute manifestazioa Iruñean. Hiru zutabe, hiru aldarrirekin: kohesioa, justizia eta berdintasuna. Iruñeko hiru lekutatik abiatu dira hiru zutabeak, nor bere kartelarekin, eta autobus geltokiaren alboan bateratu dira. Hiru herritarrek hartu dute hitza, euskararen legeak ezarritako eremu bakoitzeko batek. Besteak beste, salatu dute zonifikazioak "kategorizatu" egiten dituela nafarrak, haien bizilekuaren araberako hizkuntza eskubideak ematen dizkiela.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak nabarmendu du euskararen legea aldatzeko eskaria plurala dela, eta horren erakusgarri izan dela Iruñeko manifestazioa, dozenaka gizarte eragilek babestu baitute deialdia. "Justizia, kohesioa eta berdintasuna ditugu hemen jokoan".

Nafarroako Parlamentuari begira jarri dira manifestazioan: "arduraz" jokatzeko eskatu diete. "Zoazte euskara ofiziala ez den eremuetara eta esaiezue euskaraz bizi nahi duten herritarrei eskubide hori ez diezuela aitortuko. Zoazte, bai, eta esan. Ez dituzuela aintzat hartuko, hori baita egia". Horregatik, nabarmendu dute ezinbestekoa dela aldaketaren legealdia amaitu aurretik euskararen legea aldatzea, "erantzukizuna" hartzea. Gobernu aldaketa babestu zuten taldeei begiratu diete, horrenbestez: "Ausart jokatu, erakutsi aurrekoetatik desberdin jokatzen duzuela".

Hain justu, Kontseiluak Nafarroako Parlamentuaren esku utzia du proposamen bat euskararen legea aldatzeko.

BERRIAk zuzenean eman du manifestazioaren berri.

Euskararen legea aldatzeko batzordea martxan da Nafarroako Parlamentuan. Adituen agerraldiak egin dituzte azken asteetan, eta orain legearen edukiak aztertzen hasteko garaia dute taldeek. Ez da bide samurra izango, hala ere. Batetik, batzordea bera ezustean osatu zuten, UPNko ordezkari bat ez zegoelako aretoan bozketa egin zutenean. Bestetik, legea aldatzeko zailtasunak agerian geratu direlako legealdi osoan —izatez, gobernu akordioan zintzilik geratu zen puntuetako bat da—.

Batzordea osatzearekin batera, berriro mobilizatu dira euskara ofizial egitearen aurkako sektoreak, eta manifestazioa egin zuten "inposizioa" salatzeko, joan den ekainean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.