Saltokiak

Eroski taldeak 15 milioi euro irabazi ditu lehen seihilekoan

Bankuekin duen zorra murrizten jarraitu du, 83 milioi euro gehiago kitatuta. Urtarriletik ekainera taldeak 203 lanpostu sortu ditu.

Eroskiren supermerkatu bat Bizkaian.
Eroskiren supermerkatu bat Bizkaian. Luis Jauregialtzo / Foku

Irune Lasa -

2018ko urriak 30

Eroski taldearen zenbakiek hoberantz egiten jarraitzen dute. 2018. urteko lehen zatian 14,8 milioi euro irabazi ditu, 203 lanpostu sortu eta negozio zifra egonkor mantendu arren —2.314 milioi euro— %3ko hazkunde esanguratsua izan du salmentetan Hego Euskal Herrian, Galizian eta Balear Uharteetan. Taldearen ustez, hazkunde horretan zerikusi zuzena du 'Zurekin' merkataritza ereduaren zabalkundeak.

Emaitza onek bankuekin duen zorra kitatzen jarraitzeko bidea eman diote Eroski taldeari eta lehen seihilekoan zorretik 83 milioi euro gehiago kitatu ditu. "Eroskik bere zor finantzarioa 1.475 milioi eurotan murriztu du krisiaren hasieraz geroztik", esan du taldeak, finantza entitateekin harturiko "konpromiso guztiak bete" dituela azpimarratuz. Eroski taldea palanka efektu finantzarioa murrizteko plana negoziatzen ari da gaur egun, 2019ko abuztuan hasita, 2024. urterako pasiboaren egitura orekatzeko, hots, aktiboen balizko salmentei buruzko negoziazioa zabalik dago.

Era berean, taldearen parte den Caprabok bere lehiakortasuna handitzeko plana jarri du abian eta orain gutxi jakinarazi du Bartzelonan (Katalunia) plataforma logistiko berria eraikiko duela.

Inbertsioei dagokienean, 38 milioi euro bideratu ditu taldeak sare propiora eta frankizietara. Batetik 52 supermerkatu birmoldatu ditu eta gero 26 saltoki berri zabaldu. Horietatik bi supermerkatu Eroskirenak dira eta eta beste hogei frankiziadunak. Horiei gehitu behar zaizkie kirol oinetakoen hiru Dooers denda berri eta gasolindegi bat.

Eroski kooperatibak, bestalde lehen seihilekoa bi milioi euroko irabaziekin itxi du.