Europako Batasuna

Google tasa bateraturik ez da izango EBn, oraingoz

Alemaniak eta Frantziak proposatu dute zerga prest izatea, eta 2020an ezartzea, baldin eta ordurako OCDEk ez badu enpresa digitalak zergapetzeko formula bateraturik sortzen

Googleren aurkezpen bat. ALBA VIGARAY / EFE
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 6a
18:50
Entzun

Europako Batasun osoan Google tasa ezartzeko saioak porrot egin du. Europako Batzordearen babesarekin, EBko herrialde handienak saiatu dira erraldoi digitalei beren diru-sarreren %3ko tasa bat ordainarazten, baina eskandinaviarren eta beste herrialde batzuren ezetzak proposamena trabatu du. Horrek ez du esan nahi asmoa behin betiko lurperatuta geratu denik; Alemaniak eta Frantziak azken saio bat egingo dute: 2020rako OCDEren bitartez modu horretako zerga bat munduko herrialde gehienetan ezartzeko adostasunik ez bada, EBk berea jartzea proposatu dute.

Google tasa izenekoa erraldoi teknologikoen zerga faktura txikia handitzeko saio bat da. Google, Facebook, Airbnb, Twitter eta halakoek milaka milioi euroren irabaziak lortzen dituzte, baina miseria bat ordaintzen dute zergetan. Arrazoietako bat sozietate zergaren egitura da, ez baita Internetaren arora moldatu. Konpainia bat zergapetzeko, lurralde batean lantegi bat, saltokiak edo langileak eduki behar zituen, presentzia fisiko bat. Gaur egun, ordea, bezero baten klik batek ematen dio etekina enpresa digital bati, eta hori zergapetzeko modurik ez dute oraindik aurkitu.

Bruselaren proposamena

Hutsune hori estaltzeko proposamen bat egin zuen Europako Batzordeak, joan den martxoan. Bi atal ditu. Batetik, Bruselak dio egokiena litzatekeela sozietate zerga arautzeko modua sakon aldatzea, ez soilik EBn, baina baita nazioartean ere. Helburua litzateke konpainia baten presentzia digitala neurtzeko modu bateratu bat adostea, ondoren lurralde bakoitzean zergak horren arabera ordain ditzan.

OCDEren lana izango litzateke hori, baina lan nekeza eta luzea denez, aldi baterako beste proposamen bat proposatu zuen Batzordeak: enpresa digitalen irabaziak zergapetzerik ez zuenez —AEBetara edo paradisu fiskaletara doaz, nahiz eta bezeroa Europakoa izan—, enpresa horien fakturazioa zergapetzea.

Zehazki, proposatu zuen atari digitalen erabiltzaileen parte hartze aktiboa behar duten hiru jarduera zergapetzea: sarean jarritako publizitatea, erabiltzaileen datuen salmenta, eta erabiltzaileen arteko bitartekaritza errazten duten plataformak.

Pierre Moscovici Ekonomia komisarioak emandako datuen arabera, 150en bat enpresak ordaindu beharko lukete tasa, 5.000 milioi euro urtean. Googleri eta Facebooki eragingo lieke gehien, baina gutxiago Amazoni eta Appleri, horiek produktuak saltzen dituztelako.

Desadostasunak

Bruselaren proposamenaren inguruan eztabaidatzen aritu dira EBko estatukideak azken zazpi hilabeteetan. Alemania eta bereziki Frantzia izan dira bultzatzaile nagusiak, baina ez dira bakarrik egon. Erresuma Batuko, Italiako eta Espainiako gobernuen babesa izan dute, baita pisu ekonomiko eta politiko txikiagoko beste batzuena.

Baina potentzien ahalegin bateratua ez da nahikoa izan herrialde guztiak proiektura batzeko, eta zerga kontuetan batasunak ahobatekotasuna eskatzen duenez, Google tasa europarra bidean geratu da, oraingoz. Irlandak, Suediak, Danimarkak, Herbehereek eta beste gobernu batzuek argudiatu dute horrelako zerga bat ezartzeak ekonomikoki kalte egingo liekeela. Izan ere, AEBetako enpresa digitalek lurralde horietan jarri dituzte beren Europako adarrak, eta hara desbideratzen dituzte kontinente osoan bildutako irabaziak —eta handik berriro desbideratzen dira, paradisu fiskaletara kasu gehienetan—.

Bada beste kezka bat, Danimarkako Finantza ministro Kristian Jensenek gogorarazi du halako tasa batek batik bat AEBetako enpresek ordaindu beharko luketeela, eta Donald Trumpen erantzun bortitz bat eragin dezakeela.

Austriak —hari dagokio EBren jarduneko lehendakaritza—  iragarri du azken ahalegin bat egingo duela Google tasa bateratu bat aurten bertan adosteko. Baina, halakorik oso zaila dela onartuta, Frantziak eta Alemaniak anbizio txikiagoko proposamen bat eramango dute abenduko Ekofinen bilerara. Haren bidez, EBko kideek promesa egingo dute Google tasa bat ezarriko dutela, eta zerga horren nondik norakoak zehaztuko dituzte. Ez dute, ordea, indarrean jarriko. 2020ra arteko epea emango diote OCDEren barruan akordio bat lortzeko. «OCDEk ezin badu irtenbide global bat lortu, orduan geure esku izango dugu testu europar bat, berehala indarrean jartzeko prest», azaldu zuen atzo Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroak. Google tasa Emmanuel Macron presidentearen proiektu kutuna izanik, Le Mairek azpimarratu zuen Frantziak ez duela gehiago amore emango. «Kontzesio batzuk egin ditugu. Baina Frantzia ez da gehiago mugituko».

Hegoaldean, Google tasa 2019an?

Berlinek eta Parisek espero dute proposamen hori nahikoa izango dela inork bere kabuz tasa bat ez ezartzeko. Gerta liteke Espainian eta Hego Euskal Herrian bi hilabete barru indarrean jartzea Google tasa. PSOEk eta Podemosek landutako 2019ko aurrekontu proiektuan agertzen da, eta aurrekontu horrek bidean geratzeko aukera handiak dituen arren, zerga onartzeko nahiko babes lor dezakete bi horiek Kongresuan. Erresuma Batuak eta Italiak ere esan dute zerga indarrean jarri nahi dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.