Enpresak

Tubos Reunidosek galerak apaldu ditu, 15,7 milioietaraino

Aurten iazko irailean baino %22 gutxiago galdu du taldeak eta galeren zati handi bat ezohiko doiketa neurrietatik etorri da. Eskarietan hasi dira antzematen Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari jarritako muga zergen eragina.

Tubos Reunidosen lantegia Amurrion. JUANAN RUIZ / FOKU
Irune Lasa.
2018ko azaroaren 7a
11:58
Entzun

Okerrago egon direla ikusteak ez dio egungo egoera gehiegi arintzen Tubos Reunidosi. Iraileko emaitzetan oraindik ere zenbaki gorriak eman ditu Amurrioko taldeak, galerak iazkoak baino apalagoak izan arren; urtarriletik irailera 15,7 milioi euro galdu ditu, iazko irailean baino %22 gutxiago. Dena den, enpresaren arabera, galera horiek txikiagoak izango ziren taldeak hartutako doiketa neurriak aintzat hartuko ez balira; baldintza horretan zenbaki gorriak 6,2 milioi eurokoak izango ziren.

Tubos Reunidosek bere salmentak %9 handitzea lortu azken hamabi hilabeteetan (254 milioi euro) eta ustiaketako irabazi gordinak (Ebitda) 17,6 milioi eurokoak izatea, iaz baino %17 handiagoak. Hazkunde horien eragile nagusia petrolio eta gas ustiaketen pizkundea izan da, salmentak eta prezioak hobetu dituelako. Hori bai, ekainetik irailera zenbait salgaietan salmenta jaitsiera izan du Tubos Reunidosek, zuzenean sumatu baitu Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako muga zergen eragina. Ekoizpen horiek orain beste merkatuetara doaz —batez ere Europara— baina horietan lehia nabarmen handitu zaio euskal tutugileari. Motelaldia iragankorra izatea espero du Amurrioko taldeak, baina eskari berrien kopuruaren jaitsierarekin "behin-behineko malgutasun neurriak" beharrezko ikusten ditu "jarduera produktiboa egokitzeko".

Taldeak jarraitzen du bankuekin negoziatzen bere finantzaketa egitura aldatzeko. Irailaren 30an bere zor finantzario garbia 222 milioi eurokoa zen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.