Kirola

Erremonte txapelketa


Binakako Orona Fundazioa Txapelketa

Binakako Txapelketa bihar hasiko da berrikuntzekin

Sei bikote orekatu ariko dira bihartik aurrera eta abenduaren 29an jokatuko da finala. Ligaxka, finalerdiak eta finalak osatzen dute txapelketa

Binakako Txapelketa Orona Fundazioaren egoitzan aurkeztu zen
Binakako Txapelketa Orona Fundazioaren egoitzan aurkeztu zen Maialen Andres

Iñigo Goñi -

2018ko azaroak 7

Binakako Orona Fundazioa Txapelketa atzo aurkeztu zen Hernanin, Orona Fundazioaren egoitzan. 48garren edizioa izango da eta aurten sei bikotek jokatuko dute txapelketa: Urriza-Larrañaga, Ansa II-Barrenetxea IV, Uterga-Azpiroz, Ezkurra II-Etxeberria III, Matxin III-Ion eta Juanenea-Endika.

Binakako Torneo Nagusia bihar hasiko da eta abenduaren 29ra arte iraungo du. Egun horretan jokatuko da finala, Galarreta frontoian, partidu guztiak bezala. Ligaxkan denan denen aurka ariko dira eta lau lehenengoak finalerdietarako txartela lortuko dute. Finalerdiak joan etorriko bi jardunaldietan jokatuko dira eta finalera sailkatuko dira bi bikote hoberenak.

Ligaxkako lehenengo partiduan, bihar, Juanenea eta Endika, Uterga eta Azpirozen aurka ariko dira. Abenduaren 8ra arte iraungo du ligaxkak eta finlaerdiak abenduaren 15ean eta 22an jokatuko dira. Sailkapena azken urteotako sistemarekin erabakiko da. Partidua irabazten duenak lau puntu lortzen ditu, 36 eta 39 tanto artean egiten dituen bikoteak bi puntu jasoko ditu, bat 32 eta 35 tanto artean egiten dituenak, punturik ez 26 eta 31 tanto artean geratzen denak eta aurtengo berrikuntza da 25 edo tanto gutxiago egiten dituenak -1 gehituko zaio sailkapenean, kasu honetan puntua kenduko zaio sailkapenean.

Txapelketa berdindua egiten saiatu da Oriamendi2010 enpresa eta bai lortu ere. Inor ez da ausartzen bikote faboritorik izendatzen. Aurkezpenean, Orona Fundazioko Iñigo Marquetek, ondarearen zaintza azpimarratu zuen. Beste urte betez babesle nagusia da eta kirola eta ondarea uztartzen dituela nabarmendu zuen.

Aurten ez da egongo finaleko pelotari hoberenarentzako saririk, baina bai ordea txapelketako aurrelari eta atzelari onenentzako garaikurra. Aurkezpenean bederatzi erremontista egon ziren eta bikote garailea txapeldun berri irtengo da, ez baitago beste urteetan txapela irabazi duen bikoterik.

Gainera ez da ahaztu behar Koteto Ezkurrak erretiroa hartu duenetik lehenengo txapelketa dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna