EUSKARA

2019an Tuterako Argia ikastolak antolatuko du Nafarroa Oinez

Izan Argi! lelopean eginen dute Nafarroako ikastolen festa, datorren urteko urriaren 20an.

Iñigo Ariza eta Argia ikastoletako arduradunak. BERRIA
Ion Orzaiz.
2018ko azaroaren 7a
07:29
Entzun

Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak lekukoa pasa dio Tuterako Argia ikastolari. Heldu den urteko urriaren 20an eginen dute Nafarroa Oinez, eta gaur aurkeztu dituzte festaren leloa eta irudia.

Izan Argi! izanen da hurrengo urteko festaren leloa. "Euskara eta Ikastola dira goiburuaren ardatzak", azaldu dute ikastolako arduradunek, gaurko agerraldian. "Euskara delako gure hizkuntza eta gure kulturaren zutabea, eta Ikastola delako gure hezkuntza eredua. Argia Ikastolak eta bere esperientzia luzeak kalitatezkoa eta euskalduna den hezkuntza eredua bermatzen du".

Logotipoak, berriz, eguzkiari egiten dio erreferentzia: "Eguzkitik abiatzen gara; Argia Ikastolan jaio eta Tutera eta Erribera osoa hartzen ditu bere barne. Etorkizunera begirako norabidea zehazten dugu, non gure hizkuntza helburu dugun hezkuntza markoaren oinarria izango den".

Maite Elias Uria azkoitiarra da hurrengo urteko festaren goiburua eta logoa diseinatu dituena. Marketin-talde bateko kidea da, enpresen irudi korporatiboetan esperientziaduna eta hainbat ikastolen jaietako nahiz Korrikako logoen egilea.

Balorazio positiboa Altsasun

Altsasuko Iñigo Aritzak ikastolak, bestalde, iragan urriaren 21eko Nafarroa Oinez-en balorazio ona egin du."Balorazioa oso ona da, biribila. Oinez egunari dagokionean, giro paregabea izan genuen, eguraldi bikaina eta famili giro ederra", azaldu du Eneida Carreño ikastolako lehendakariak.

"Aipagarrien artean, Erronkak mugitu zuen gazte mordoa eta Haurren Hiria, non etxeko txikienak aske ibili baitziren. Horrekin batera, inklusioaren erronka jarri genion geure buruari eta kontent esan genezake bete dugula. Antolatu ziren lantegietan zein ibilbidean zehar modu desberdinetan inklusioa festan txertatzea lortu genuen. Aurten eman diogun ezaugarri berri hau gelditzeko etorri dela iruditzen zaigu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.