Polizia operazioa

Sanchez hiltzen saiatzea egotzita, gizon bat atxilotu zuten mossoek

Público egunkariak gaur zabaldutako informazioaren arabera, duela "hiru aste" atxilotu zuen gizona Kataluniako polizia autonomikoak, Terrassan. Ará egunkariak dio polizia iturriek baieztatu dutela operazioa. Espainiako Gobernuak jakinarazi du presidentearen bizia ez dela "arriskuan" egon.

Sanchez, atzo, Madrilen.
Sanchez, atzo, Madrilen. Ballesteros.

Berria -

2018ko azaroak 8

Espainiako presidente Pedro Sanchezen aurkako hilketa saiakera egotzita, 63 urteko gizon bat atxilotu zuten mossoek irailean, eta kartzelan da geroztik. Publico egunkariak zabaldu du berria, epaitegietako iturriak aipatuz. Haien arabera, suzko 16 arma atzeman zizkioten etxean poliziek; tartean, zehaztasun handiko errifleak eta submetrailadore bat. Tiro olinpikoan aritua zen gizona, eta antza, bazekien armak manipulatzen ere; "frankotiratzaile" bezala aurkeztu dute aipatutako iturriek.

Poliziaren ustetan, Sanchezen aurka jotzeko asmoa zuen gizonak, Espainiako presidenteak Franco diktadorearen gorpua Erorien Haranetik atera nahi duela-eta. Espainiaren alde "sakrifikatzeko" prest zegoela zioen gizonak Whatssapp talde batean, eta asmo hori agertu zuen behin baino gehiagotan. Talde horretako beste erabiltzaile batek eman zuen abisua, Público-ren arabera.

Moncloatik, Espainiako Gobernuak zehaztu du ez dela "arriskuan" egon Sanchez. Mossoek ohar bat aterako dute egunean zehar, operazioaren inguruko argibideak emateko.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna