EUSKARA

Jaurlaritzak finantzaketa itun bat egingo du BERRIArekin

Euskarazko hedabideen laguntza sistema aldatzea erabaki dute erakundeek. Batetik, "ordenatzea": tokiko hedabideen finantzaketa aldundiek hartuko dute beren gain, eta nazionalena, Jaurlaritzak. BERRIAren ezaugarri bereziak ikusita, itun bat egingo du gobernuak: 2,3 milioi euro jasoko ditu 2019tik aurrera. Lau erakundeen artean 10,5 milioi euro jarriko dituzte urtean.

Bingen Zupiria sailburua eta Miren Dobaran sailburuordea, legebiltzarreko agerraldi batean.
Bingen Zupiria sailburua eta Miren Dobaran sailburuordea, legebiltzarreko agerraldi batean. Juanan Ruiz/Foku

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko azaroak 8

Aldaketa esanguratsuak egingo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek euskarazko hedabideen diru laguntzetan. Orain arteko lehia eta puntuazio sistema erabili beharrean, beste oinarri bat hartuko dute laguntzek: hedabideen kostuen zati bat estaltzea.

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektuan txertatu ditu aldaketak, eta Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburuak eman du horren berri Eusko Legebiltzarrean, aurrekontuak aurkezteko saioan.

Zupiriak nabarmendu du hedabideen laguntzak “beste era batera” kudeatu nahi dituela gobernuak. Ia bi urteko gogoeta prozesua egin dute, batik bat Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Hekimen elkartearekin. Bizkaiko eta Arabako diputazioak ere sartu dira prozesuan.

Bi helburu nagusi dituzte aldaketek. Batetik, “argitu eta ordenatu” egin nahi dituzte diru laguntzak. Planteamendu berriaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren eskumena izango da hedabide nazionalak laguntzea, baita irratiak eta telebistak ere; tokiko aldizkariek, berriz, diputazioen laguntza jasoko dute. Bestetik, hedabideen jarduna “egonkortu” egin nahi dute. Urte baterako baino gehiagorako laguntzak izango dira, hortaz. Laguntzen kopuruan adlaketa esanguratsua dago: urtean 10,5 milioi euro jarriko dituzte lau erakundeek.

Jaurlaritzaren ardurapean geratuko da BERRIA laguntzea, hedabide nazionala izanik. Hori nola egin, hitzarmen bat sinatzea erabaki du gobernuak, ohiko deialditik kanpo utzita. Argudiatu du ezaugarri bereziak dituela BERRIAk: euskarazko egunkari nazional bakarra dela. Finean, gainerakoen oinarri bera izango du BERRIAren laguntzak ere: kostuaren zati bat estaltzea. Datozen hiru urteetan, urtero 2,3 milioi euroko laguntza jasoko du BERRIAk. Aurtengoa baino milioi bat euro handiagoa da kopuru hori.

Zupiriak ohartarazi du, nolanahi ere, kostuaren zati nagusia komunikabideen euren esku geratuko dela. “Argi daukagu euskarazko hedabideek herri administrazioen laguntza behar dutela beren proiektuan sendotu eta eduki interesgarriak sortzeko, baina argi ikusten dugu, baita ere, hedabide horien bideragarritasuna ezin dela egon erakundeen bizkar”. Alegia, nahiz eta erakundeek “ahalegin inportantea” egin, “hedabideen eta gizartearen konpromisoa” behar dela komunikazio proiektu horiek aurrera egin dezaten. Hots, irakurleen kopurua handitu egin behar dela, eta BERRIAlagunen gisako babesle gehiago egin.

Diru laguntzak bideratze aldera, hitzarmena sinatuko dute Jaurlaritzak eta hiru diputazioek, eta laguntza deialdia egingo dute ondoren. Urte hasierarako egin nahi dituzte bi urrats horiek. Hortaz, deialdiko laguntzen ebazpena iristerako datorren urtean hilabete batzuk joango dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna