'Cabacas auzia'

Azken ondorioen zain: "justizia" ala "umiliazioa"?

 

Hodei Iruretagoiena -

2018ko azaroak 8

Bide gorabeheratsu baten ondoren, urriaren 14an hasi zen Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruko epaiketa, auzipetuen deklarazioekin, Bizkaiko Auzitegiko 3. salan. Hurrengo egunetan, lekukoek hartu zuten hitza; tartean, hainbat ertzain eta poliziak. Cabacasen senide eta lagunak hainbat elkarretaratze egin dituzte epaitegiaren kanpoaldean, gurasoei babesa eman eta "justizia" eskatzeko.

Atzo izan ziren azken hitzartzeak, eta eskaerak berretsi zituzten bi aldeek. Fiskalarengan zegoen zalantza, baina jarraitzen du esaten ez dagoela deliturik. "Umiliatu" egin dituztela salatu dute senideek. Ondorioak sakonago azaltzeko eguna izango da biharkoa, epaiketako azken saioa.

2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek zauritu zuen Iñigo Cabacas Lizeranzu, eta bost egun geroago hil zen.

Aldeen eskaerak

Akusazio partikularrak "zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa" leporatzen die sei akusatuei, eta lau urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa eskatzen du haietako bakoitzarentzat. Ugarteko ezizenez deitutako ertzainburua ere epaitzeko eskatu zuten; izan ere, haren menpeko hiru ertzain akusatuta daude —maila ertaineko ardurak zituztenak; furgonetako buru izatea, esaterako— , eta epaiketa hasi aurretik zabaldutako grabazioetan argi entzuten da Ugartekok ematen zizkiela aginduak. Azkenean, ordea, lekuko gisa deitu dute deklaratzera ertzainburua.

Pilar Gimenez fiskalak, aldiz, hasieratik esan du ez duela delitu zantzurik ikusten Cabacasen heriotzan, eta "deliturik ezean, delitugilerik" ere ez. Absoluzioa eskatzen du akusatuentzat.

Akusatuen deklarazioak

Ertzain gehienek deklaratu dute gaztearen heriotza ekarri zuen polizia operatiboa "zuzena eta egokia" izan zela. Bertsio bera eman zuten bostek: Kirruli tabernako kale estu hartan zegoen jendetzak harrika hartu zituen ertzainak iritsi zirenean, pilotak jaurtitzea beste biderik ez zuten izan, eta tiro egin izana aitortu duten ertzain guztiek "pilotarik gabe" edo "airera" egin zuten tiro.

Deklarazioetako bat, ordea, guztiz aldendu da gainerakoengandik: ofizial ohi bat da —gaur egun erretiroa hartuta dago—, eta operatibo hartan mailarik gorena zuena da —betiere, operatiboa Deustuko ertzain etxetik zuzentzen zutenen aginduetara—. Gogor kritikatu du horren antolakuntza, han aritu ziren zenbait ertzainen esperientzia falta eta Deustuko ertzain etxetik eman zioten "denarekin sartzeko" agindua. "Ni ez nintzen sartzearen aldeko; nigatik izan balitz, joan egingo ginatekeen". Lehen egunean deklaratu ondoren, akusatutako ertzain gehienak ez dira epaiketan egon.

Lekukoen deklarazioak

Defentsaren lekukoek deklaratu zuten gero; gehienak, Cabacas hil zutenean bertan egokitu zirenak, bizilagunak, sorosle bat... Haiek emandako azalpenek zalantzan jarri zuten ertzain gehienen bertsioa. Izan ere, denek kendu zioten garrantzia Ertzaintza iritsi aurretik egondako liskarrari —argudio hori erabili dute nagusiki ertzainek plazatxoan sartu izana justifikatzeko—. Gainera, Cabacas zauritu ondoren, anbulantziari deitzeko eskaerei ertzainek entzungor egin zitela salatu zuten.

Zenbait ertzainek ere deklaratu dute lekuko gisa, eta haietako zenbaitek bertsio kontrajarriak ere eman dituzte akusatuek esandakoekiko. Batzuek objektuak bota zizkietela esan zuten; besteek, ez zutela liskarrik ikusi. Dena den, estrategia berari heldu diote ertzain gehienek; izan akusatu, izan lekuko: 3.389 agentea jo zuten gehienek arduradun nagusitzat: lekuan bertan zegoen ofiziala —akusatuen artean, bertsio ezberdina eman duen bakarra—. Ez, aldiz, Ugarteko.

Adituak

Azkenik, auzi mediku, aditu eta frogen txanda iritsi zen. Haien esanetan, “objektu borobil eta trinko batek” ekarri zuen Cabacasen heriotza. Auzi medikuek argitu zutenez, pilotak Cabacas saiheska jo izan balu —adibidez, pilota airera bota eta nonbait errebotatu ondoren— zauriaren ezaugarriak beste batzuk izango ziratekeen; horregatik, ondorioztatu zuten “modu horizontalean” jaurtikitako pilota izan zela.

Bihar amaituko da epaiketa: behin betiko ondorioak azalduko ditu alde bakoitzak; hau da, arrazoitu beharko dute zergatik eusten dieten hasierako eskaerei. Gaur, manifestazioa egingo dute Bilbon, 19:30ean, Maria Diaz de Haro kaleko plazatxotik hasita —han zauritu zuten Cabacas—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna