Euskara

Hekimenek dio "abiapuntua" dela beste eredu bat lortzeko

Hedabide elkarteak nabarmendu du erakundeek aintzat hartu dituztela sektorearen zenbait "eskari historiko".

Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendaria, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia.
Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendaria, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia. Juanan Ruiz/Foku

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko azaroak 8

Erakundeek egindako proposamena aurrerapausotzat jo du Hekimen hedabideen elkarteak: uste du "eredu berri baterako abiapuntua" dela aldaketa. Ohar batean nabarmendu duenez, erakundeek kontuan hartu dituzte herri ekimeneko hedabideen zenbait "eskari historiko": sektorearen izaera "estrategikoa" aitortzea, hedabideen sistema "babestea eta duintzea", kostuen azterketan oinarritutako laguntza sistema bat ezartzea, baliabide gehiago jartzea sektorearentzat... "Jada eman dituzte lehen pausoak eskari horietako batzuei erantzungo dien eredu berria osatzeko".

Hilabeteetako gogoeta prozesua egin dute, eta Hekimenek parte hartu du. Aitortu du bidean "gorabeherak" izan direla, baina nabarmendu du "emankorra" izaten hastear dagoela egindako ahalegina. Hala ere, ohartarazi du oraingoz aurrekontu proiektuan jasota daudela diru kopuruak, eta zehazteko daudela hainbat kontu; besteak beste, deialdien xehetasunak eta kopuruak. Hekimenek lehentasuntzat jo du hedabideen "egonkortasuna bermatzea".

Finantzaketaren aldetik proposatutako aldaketak "ezinbestekoak" direla ohartarazita, Hekimenek adierazi du aurrera jarraitzeko erronka handiagoak dituztela esku artean: hartzaileen kopurua handitzea, publizitate publikoaren banaketa egokia, eremu berrietara zabaltzea, sustapena, berrikuntza... "Elkarlana funtsezkoa izango da erronka horiei ekiteko ere".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna